Politika -

Kartzela-politika

Legebiltzarrak presoen sakabanaketa amaitzea eskatu du

PSE-EEko legebiltzarkide batek botoa ematerakoan egin duen akatsagatik onartu dute ekimena, bestela berdinketa emango baitzen.

Legebiltzarrak presoen sakabanaketa amaitzea eskatu du. Argazkia: Efe
Legebiltzarrak presoen sakabanaketa amaitzea eskatu du.
Bakearen eta Bizikidetzaren Lan Batzordea eratuko da, Legebiltzarrean

2:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak salbuespenezko kartzela-politika amaitzearen aldeko ekimen bat onartu du. EAJk sustatutako zuzenketak euskal presoen sakabanaketa bezalako neurriak "desaktibatzea" aldarrikatzen du.

EAJren 27 legebiltzarkideek ekimenaren alde bozkatu dute, PSEk, PPk eta UPyDk 26 boto batu dituzte ekimenaren kontra, eta EH Bilduko 21ek abstentzioa eman dute. Blanca Roncal legebiltzarkide sozialistaren botoa ez da zenbatu, akats bat medio, eta azkenean ez da berdinketarik izan eta ekimenak aurrera egin du. Roncalek esan du eman diola botoari, ezezko botoari, baina akatsen bat izan da.

UPyDk aurkeztutako proposamen baten zuzenketa da onartutakoa. UPyDren proposamena ez zen aurrera atera, eta EAJk zuzenketa aurkeztu zuen aurreko astean. Aldi hartan, 27na geratu zen botazioa.

Hori dela eta, gaur bozkatu dute berriro, eta legebiltzarkide sozialista batek hanka sartu duenez, boto bat gutxiago jaso dute ezetzaren aldekoek, eta baiezkoak irabazi du.

Roncalen kexa, atzera

Eusko Legebiltzarreko Presidentetzak botazioaren emaitza berretsi egin du, Blanca Roncalek aurkeztutako kexa baztertuta. Roncalen okerrari esker, ETAko presoen banaketaren amaiera eskatzen duen ekimena aurrera atera da.

Legebiltzarreko Presidentetzaren arabera, Roncalek botazioa baliogabetzeko egindako eskaera baztertzea erabaki dute, sistema elektronikoak ez duelako hutsik egin.

Gainera, Roncalek zeozer esatekotan, botazioa egiten ari ziren momentuan esan behar zuela azaldu dute, emaitzak pantaila elektronikoan agertu baino lehen, eta ez ondoren, berak egin bezala.

"Errealitate sozial berria"

EAJk aurkeztutako ekimenaren arabera, "ETAk indarkeria utzi ostean, errealitate sozial berria" bizi du Euskal Herriak, eta horrek "legedia egokitzea eta kartzela-politika gizarteratzearen ikuspegian kokatzea ekarri behar du".

Legebiltzarrak azpimarratu duenez, "desaktibatu egin behar dira salbuespenezko neurriak, presoak urruntzea adibidez".

EAJk EH Bildu kritikatu du

ETAko presoen gizarteratze prozesurako bide orririk ez edukitzea leporatu dio EAJk EH Bilduri, koalizio abertzalearen plan bakarra kalean manifestazioak egitea dela argudiatuta.

Gauzak horrela, presoek ETAren indarkeria baztertzen duten Sorturen estatutuen alde egitea eskatu diote jeltzaleek koalizio abertzaleari, egoerak dituen "oztopoak" kentzeko.

Joseba Egibarrek konponbide koletiboen alde egitea egotzi dio EH Bilduri, "amnistiarik egongo ez dela eta gizarteratzeko bidea banaka egin beharrekoa dela jakin arren".

Bake Lantaldea, otsailaren 14an

PSE-EEk eta EAJk "oinarrisko adostasuna" lortu dute Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitza Lantaldea abian jartzeko. Botazioa otsailaren 14an egingo dute.

Ondorioz, lantaldea abian jartzea bermatuta dago, sozialistek eta jeltzaleek gehiengoa dutelako Legebiltzarrean.

PSE-EEren idatzia

Sozialistak testu bat lantzen ari dira; bukatu gabe dago baina laburra da eta lantaldea hilabeteko epean sortzea eskatzen du. Horrekin batera, lantaldea zerorik ez hasteko eskaera ere egiten du, aurreko legegintzaldian egindakoa kontuan hartuta. Lantalde hartan ez zuten Aralarrek eta EAk parte hartu.

Gauzak horrela, aurreko lantaldearen lana kontuan hartzea arazoa izan daiteke EH Bildu lantalde berrian sartzeko, koalizio abertzaleak lana zerotik hasi nahi dituelako.

EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez, duela aste batzuk argi utzi zuten testuaren alde egiteko prest zeudela, baina ordutik hona ez dute testuaren edukiaren inguruko berririk izan.

PPk ez du babesik emango

Carmelo Barrio PPko parlamentariak iragarri duenez, bake eta elkarbizitza lantaldea sortzeko "beharrezko baldintzak ez dira emango", EH Bilduk ETA gaitzesten ez duen arte. Ondorioz, lantalde berriaren izena  "EH Bildu zuritzeko lantaldea" litzateke.

Hori dela eta, PPk lantaldea sortzearen kontra egingo duela esan du, eta etorkizunean parte hartzea pentsatuko duela, nahiz eta normalean bere alderdiak Legebiltzarreko talde guztietan parte hartu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea