Politika -
Gainsoldatak
Basagoitik ez du dudarik Rajoyren kudeaketaren aurrean
Carlos Floriano Antolakuntza idazkariordeak iragarri duenez, laster argitaratuko dituzte popularren errenta aitorpenak.
EAEko PP Mariano Rajoy alderdiko eta Espainiako Gobernuko presidentearen alde agertu da. "Lepoa egingo nuke Rajoyren alde", esan du Antonio Basagoiti euskal popularren buruak.
Bestalde, Eduardo Pasarin-Gegunde Galdakaoko zinegotzi popularraren dimisioari garrantzia kendu dio.
Basagoitik Carlos Floriano PPko Antolakuntza idazkariordearekin Bilbon batzartu eta gero egin ditu adierazpenok.
Florianori dagokionez, Barcenas auzia epaileen esku egoteak indartu eta lasaitu egiten dituela esan du. Halaber, popularren errenta aitorpenak eta alderdiaren kontuak 'berehala' argitaratuko dituztela iragarri du. Halaber, Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten buruari gauza bera egiteko eskatu dio.
"Epaileen parte-hartzeari esker Alderdi Popularraren eta bere ordezkarien zintzotasuna eta ohorea agerian geldituko da. Epaileen aurrean biluztu egingo gara, baina ez Rubalcabaren aurrean. Ni ez naiz Rubalcabaren ikerketaz fio", gaineratu du.
Buruzagi popularrak adierazi duenez, salaketak prestatzen hasiak dira Barcenasen ustezko ezkutuko kontabilitatearen harira, informazioa argitaratu edota filtratu dutenen aurka.
Ana Palaciok eta Jose Maria Aznarrek salaketa indibidualak aurkeztu dituzte, eta gisa horretako salaketa gehiago egongo direla iragarri du.
Hainbat ordezkari popularrek beren errenta aitorpenak argitaratuko dituzte, horien artean, Barcenasen agirietan agertzen diren buruzagi popularrek, autonomia erkidegoetako presidenteek, eta paperetan zeharka aipatzen diren beste hainbatek.
"Arinegi da Carlos Montoro Ogasun ministroaren dimisioa eskatzeko", gaineratu du.
Antonio Basagoitik "eskua sutan" jarriko luke Mariano Rajoy Espainiako presidentearen alde; izan ere, horren hitzetan besteentzako eredu da politikan lan egitea erabaki duelako, hortik kanpo diru gehiago irabaziko balu ere.