Politika -
3 urteko ikerketa
Jon Anza auzia artxibatzeko eskatu du Frantziako Fiskaltzak
Jon Anza biriketako enbolia batek jota hil zela dio Frantziako Fiskaltzak, hau da, berezko heriotza izan zuela, eta ez zela gerra zikinaren biktima izan.
Erredakzioa
Frantziako Fiskalak baieztatu du Jon Anzak berezko heriotza izan zuela, eta ez zela "gerra zikinaren" biktima izan. Jon Anza biriketako enbolia batek jota hil zela ondorioztatzen da Frantziako Fiskaltzak egin duen txostenean, eta enbolia hori, zuen minbiziak eragindakoa izan zela, El Correo egunkariak kaleratu duen informazioaren arabera.
Hiru urtez ikertzen aritu ostean, Fiskaltzak baztertu egin du beraz, bahiketa batean jasandako tratu txarren ondorioz hil zenik. Besteak beste, Jon Anzaren gorpuak ez zuela indarkeria zantzurik dio txostenak.
Ikerketaren arabera, Anza 2009ko apirilaren 18an Baionako tren geltokitik atera eta Okzitaniako Tolosara iritsi zen. Bertan, hotel batean hartu zuen ostatu, eta hurrengo egunean joan egin zen.
Hamar egun geroago topatu zuten eta txostenak ezin izan du argitu zer gertatu zen egun horietan, nahiz eta Fiskaltzak ETAko beste kide batzuekin dirua emateko gelditu zela uste duen. Horren osasun egoera zela eta, zer egin jakin ez eta hiriko kale jendetsuenetako batean utzi zutela ondorioztatu du Fiskaltzak, lehenbailehen norbaitek aurkitu eta artatu ahal izateko.
Tolosako bertako hotel batean egun horietan guardia zibil batzuen pistolak aurkitu zituztela eta, aurretik iragarritako polizia operazio batean parte hartzen ari ziren agenteen pistolak zirela jaso du ikerketak, eta gertakari horrek ez zuela Anzaren heriotzarekin zerikusirik izan azaldu du.
Datu hauekin guztiekin, fiskalak kasua artxibatzeko eskatu du. Txostena dagoeneko auzia ikertzen ari den epailearen esku dago.