Politika -
Barcenas auzia
Barcenasek kontabilitate ezkutua erakutsi ziola aitortu du Triasek
Barcenasek berak kaligrafia proba bat egin eta gainsoldatak diru beltzean eman izana ukatu du.
Erredakzioa
Luis Barcenas PPren diruzain ohia Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzara joan da gaur goizean, alderdiko ustezko kontabilitate ezkutuari buruz deklaratzeko, eta kaligrafia proba bat egin diote bertan, Barcenasen inguruko iturriek Europa Press agentziari jakinarazi diotenez.
Halaber, Alderdi Popularraren 'B' kontabilitate bat jaso zezakeen dokumenturik dagoenik ukatu egin du Barcenasek.
Ia hiru ordu eman ditu bertan PPko diruzain ohiak, eta El País egunkariak kaleratutako dokumentuetako idazkera berea izatea ukatu du.
Barcenasek galdera guztiei erantzun die, inputatu gisa, Ministerio Publikoak argitu duenez.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzara iritsi baino lehen, joan den astelehenean 13TV katean egindako elkarrizketan esandakoari ''koma bat bera ere kendu gabe'' deklaratuko zuela aurreratu dio Barcenasek Europa Press agentziari. Elkarrizketa horretan, PPn 'B' kontabilitaterik egotea eta Alderdi Popularreko kideen ustezko gainsoldatak jasotzen dituzten dokumentuak bereak izatea ukatu zuen.
Oihu artean
Barcenas 11:30ean iritsi da, taxiz, Alfonso Trallero abokatuarekin batera. Fiskaltzaren atarian hainbat kazetari eta herritar zain zeuden, eta "lapurra!" oihuekin egin diote harrera. Hiru ordu beranduago, 14:15etan, Fiskaltzatik atera da, eta ez du adierazpenik egin.
Triasek identifikatu egin ditu paperak
Aldez aurretik, Jorge Trias Sagnier PPren diputatu ohiak deklaratu du, ordu eta erdiz. Ateratzean, "bete egin du betebeharra", adierazi du.
Dena dela, hainbat hedabideren arabera, Trias Sagnierrek aitortu egin du, fiskalaren aurrean, El Pais egunkariak publikatutako paperak Barcenasek duela hainbat urte erakutsi zizkionak direla.
Sei hilabetez luza daiteke
Ikerketa-izapideak sei hilabetez luza daitezke. Ondoren, fiskalak auzia artxibatu dezake, edo, delitu zantzurik aurkitzen badu, auzitegietara eraman. Bigarren hori egingo balu, Gürtel auzia ikertzen duen Pablo Ruz epailearen esku geratuko litzateke.
Antonio Romeral fiskalak agindutako ikerketa urtarrilaren 24an abiatu zen. Hurrengo egunetarako jende gehiago deitu dute deklaratzera.
Hilaren 25ean, epailearen aurrean
Bestalde, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko eta Gurtel auziko epaile instruktoreak ere deklaratzera deitu du Barcenas, hilaren 25erako, hain zuzen ere.
Ruzek beste kontu korronte bat atzeman dio Genevako (Suitza) Lombard Odier bankuan. Kontu horretatik, diruzain ohiak 10,9 milioi euro legeztatu omen ditu amnistia fiskalarekin.
Espainiako Bankuaren txosten baten arabera, Barcenasek Bankiara bideratu zuen dirua Suitzatik, eta ondoren amnistia fiskalaz baliatu zen, legeztatzeko. Ogasunari 1.235.000 euro ordaindu zizkion.