Politika -
Barcenas auzia
Ana Palaciok ukatu egin du Barcenasen dirua jaso duela
Espainiako Gobernuaren Atzerri Gaietarako ministro ohiak azaldu duenez, "inoiz ez dut harreman pertsonalik izan Barcenas jaunarekin eta inoiz ez dut PPren dirua jaso".
Erredakzioa
Ana Palacio Jose Maria Aznarren Gobernuko Atzerri Gaietarako ministroak gezurtatu egin du Luis Barcenas PPko diru-zain ohiak gainsariak eman zizkiola.
Palacioren izena agertzen zen Barcenasen ezkutuko kontabilitatearen inguruan zabaldu diren informazioetan, diruzain ohiaren eskuetatik diru beltza jaso zutela zioten informazio horietan alegia. El Pais egunkariak gainsari horiek kobratu zituzten buruzagi popular batzuen zerrendaren barruan sartu zuen Palacio.
EITBra bidalitako agiri batean Palaciok azaldu duenez, "gezurra da Barcenas jaunak dirua eman zidala. Inoiz ez dut harreman pertsonalik izan Barcenas jaunarekin eta sekula ez dut PPren dirurik jaso". Ministro ohiak gogor kritikatu ditu informazio horiek berekin alderatu gabe zabaldu izana.