Politika -

CAN auzia

Miguel Sanz eta Enrique Goñiren aurkako salaketak ikertuko dituzte

Kontuz! kontsumitzaile elkarteak Nafarroako presidente ohiaren eta Nafarroareko Kutxaren zuzendari ohiaren aurka, eta UPyDk Caixabanken kontra jarritakoak dira.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 3. zenbakiko epaitegiak Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiaren eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendariaren aurka Kontuz! kontsumitzaile elkarteak jarritako helegitea ikertuko du, baita UPyDk Caixabanken eta Banca Civicako 14 kontseilari delegatuen kontra jarritakoak ere.

Ebazpen judizialean irakur daitekeenez, epaileak Auzitegi Nazionalera bidaliko du UPyDk Banca Civicaren fusio prozesuaren kontra jarritako helegitea.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionalari dagokio UPyDren salaketa hori ikertzea; izan ere, baliteke ekintza horiek Espainiako ekonomian eragina eduki izana, eta probintzia askotako pertsonei eragiten diete, gainera.

Bat egitearen aurretik zuzendaritzak eta komisioek egin zituzten bileretako aktak emateko eskatu du kasuko epaileak.

Bilera horietara joaten zirenei dietak ordaintzen zizkietela frogatzen duten agiriak ere eskatu ditu epaileak. Halaber, Nafarroako Kutxako zuzendaritzari beste bi eskari ere egin dizkio: kontu ikuskaritzak aztertutako 2002 eta 2010 urte bitarteko kontuen berri emateko, eta 2005 eta 2009 bitartean kreditu, berme edota abalen inguruan egindako operazioen gaineko xehetasunak emateko.

Bestalde, Ikuskaritza Taldeak 2002 eta 2009 bitartean Nafarroako Kutxaren gainean egindako txosten eta dokumentuak helarazteko eskatu dio Espainiako Bankuari.

Inoiz Nafarroako Kutxaren ikuskaritza egingo duen galdetu dio Nafarroako Gobernuari, eta, hala bada, bertako aktak, txostenak eta dokumentuak helarazteko eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea