Politika -
Barcenas auzia
Aznarrek 'El Pais' salatu du; Arenasek eta Cospedalek ere egingo dute
'El Pais' egunkariaren arabera, "gainsoldaten sistema Aznarrek berak asmatu zuen, PPko presidente gisa ez zuelako soldata handirik jaso nahi".
Erredakzioa
Jose Maria Aznar Gobernuko presidente ohi eta FAES erakundeko egungo presidenteak salaketa jarri du El Pais egunkariaren kontra, ohorerako eskubidea urratzeagatik. Izan ere, ostegunean agertutako informazioetan, Aznarrek "PPko kudeaketa ekonomikoan ustez hartutako legez kanpoko zenbait jarrera eta erabaki" agertzen ziren.
El Paisen arabera, "gainsoldaten sistema Aznarrek asmatu zuen, ez duelako PPkopresidente gisa soldata alturik izatea nahi". Ondorioz, "soldata ofiziala ustezko ordezkaritza-gastuak ordaintzeko hilero jasotzen zuen kantitate batekin osatu zuen".
Bestalde, Javier Arenas PPko Lurralde eta Erkidego Politikako idazkariordeak, salaketa jarriko duela iragarri du, PPk alderdiaren izenean jarriko duenaz aparte.
Arenasek azaldu duenez, PPko "beste agintari batzuek ere" banakako salaketak jartzeko asmoa dutela esan diote, alderdiak "koordinatuta".
Cospedalek ere bai
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak banakako salaketa jarriko duela iragarri du, Barcenasen agiri sekretuen publikazioagatik. Cospedalek azaldu duenez, abokatuekin bildu da jada eta salaketa astebetean edo 10 egunetan prest egotea espero du.
Cospedalek azaldu duenez, salaketa agiri horietan bere buruari erreferentzia egiten dieten informazioengatik aurkeztuko du, "noski", eta, bere ustez, alderdiko beste zenbait kargudunek ere banakako salaketak aurkeztuko dituzte.