Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EAJ: 'PPren belaunaldi oso baten jokaera zalantzan dago'
Aitor Esteban Kongresuko bozeramaile jeltzalearen iritziz, Barcenas auziaren ondoren "Rajoy oso egoera txarrean" geratu da, eta orain PP ez dago ustelkeriaren kontrako itunik eskatzeko moduan.
L.E.
Aitor Esteban Kongresuko EAJko bozeramailearen iritziz, Barcenasen agiri sekretuek "PPren belaunaldi oso bat zalantzan jarri dute", eta egoerak Mariano Rajoy presidentea bera ere leku txarrean utzi du.
Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Estebanek Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak emandako prentsaurrekoa kritikatu du, izan ere, Estebanen ustez, "ezin da gauza bat ukatu eta handik egun batzuetara egia zela ikusi".
Jeltzalearen hitzetan, auziak "politika osoari kalte egiten dio, ez PPri bakarrik, eta alderdi popularrak "jarrera berria" agertu behar du, "errudunak euren lekuan jarrita", sinesgarritasuna berreskuratzeko.
Urkullu eta Jonan Fernandez
Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy presidentearekin izandako bilerari dagokionez, Madrilgo Gobernuaren jarrera zein den ikustearen zain daudela adierazi du, "gauzak ondo joan edo ez, bi gobernuen artean bideak zabaldu behar direlako".
Bestalde, eta Jonan Fernandezen izendapenak sortutako polemikaren harian, hasieran kritika gogorrak egindako zenbaitek "azken egunetan euren jarrera hobetu" egin dutela nabarmendu du, "Jonan Fernandezen lana eta bilakaera aztertu ondoren".