Politika -
Barcenas auzia
Galdakaoko eta Gijongo PPko bi zinegotzik baja eskatu dute alderdian
Galdakaoko zinegotziaren kasuan, behin behineko neurria izango da, PPko diruzain ohiaren kontabilitate eskandalua argitu arte iraungo duena. Gijongoarena, berriz, ''atzera bota ezin den erabakia'' da.
Erredakzioa
David Pasarin-Gegunde Linares Galdakaoko PPko zinegotziak Alderdi Popularrean behin behinean baja ematea eskatu 'Barcenas auzia' argitzen den arte.
Zinegotzi popularrak agiri batean jakitera eman duenez, harrituta dago Alderdi Popularrean bizi den egoerarekin, izan ere, politikan sartu zenean "mehatxu terrorista zegoen, eta interes pertsonalak bigarren mailan geratzen ziren demokraziaren defentsaren eta elkarbizitzaren aldean".
Pasarin-Gegunderen esanetan, PPko kide izatera bultzatu zuten ideiek "bizirik" jarraitzen dute, baina egungo egoeran, "alderdi politiko guztiek eredu izan beharko lukete". "Nire nahia da horrenbeste maite dudan alderdiak eta horrenbeste lan eskaini diodan erakundeak kalterik ez izatea ustezko ekintza pertsonal batzuengatik", gaineratu du.
Egungo egoerak sortzen dion "kezka" dela eta, zinegotziak behin behinean kargua uzteko eskaria egin dio alderdiari "egoera argitzen den arte".
Bigarren baja eskaera
Eduardo Junquera Gijongo PPko zinegotziak baja eskatu eta dimisioa eman du, Barcenas auziak mahai gainean jarri dituen ''ekintza tamalgarri, lotsagarri eta larrien aurrean'' bere ''gaitzespena'' agertzeko. Junquerarena ''atzera bota ezin den erabakia'' da, zinegotziak berak azaldu duenez.