Politika -

Barcenasen agiri sekretuak

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza PPren kontabilitatea ikertzen hasi da

Hala ere, eta komunikatu baten bidez aditzera eman duenez, Fiskaltzak ez du, momentuz, Luis Barcenas PPko diruzain ohiari Suitzan antzemandako dirua "PPko B Kutxarekin lotzeko arrastorik" aurkitu.

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia. EFE
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia. EFE
Fiskal nagusiak Barcenasen agirietan ikerketa abiatzeko materiala dagoela aurreratu du

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak Barcenasen agiri sekretuetan ikerketa abiatzeko materiala dagoela aurreratu du, eta ez du baztertu PPko buruzagiak deklaratzera deitzea.

"Horien testigantza gertatutakoa argitzeko ezinbestekoa dela ondorioztatzen badugu, deklaratzera deituko ditugu, zalantza barik", nabarmendu du.

El Pais egunkariak Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohien kontabilitate sekretuaren agiriak publikatu zituen atzo. PPko buruzagi nagusiek gainsoldatak diru beltzean jaso zituztela frogatzen ei dute horiek, eta alderdiaren finantziazioa legez kanpokoa izan zela iradokitzen dute.

Hori horrela, 13tv telebista katean egindako elkarrizketa batean, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza PPren kontabilitatea dagoeneko ikertzen ari dela iragarri du Estatuko fiskalburuak, eta prozesua "irekia, inpartziala eta zorrotza" izango dela eta "berme guztiak" izango dituela gaineratu du.

Horren esanetan, zer auzitegitan egin behar duten ikerketa da orain zalantza nagusia, hau da, Gurtel auziaren baitan ikertu behar den, edo atal independentea balitz bezala egin behar ote den.

Bestalde, 11 milioi euro legeztatzeko helburuz Barcenas amnistia fiskalaz baliatu zela eta, horrek ez duela diruaren jatorria ikertzea galarazten azaldu du Torres-Dulcek.

Momentuz, arrastorik gabe

Hala ere, eta komunikatu baten bidez aditzera eman duenez, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ez du, momentuz, Luis Barcenas PPko diruzain ohiari Suitzan antzemandako dirua "PPko B Kutxa deritzonarekin lotzeko arrastorik" aurkitu, eta, hala, baztertu egin du, oraingoz, Ruz epaileak PPko ustezko gainsoldatak ikertzea.

Oharrean, Fiskaltzak dio "dokumentazio berria epaitegiak Suitzako agintariei eskatutakoa da, eta, momentuz, ez dago Dresdner Bankeko kontuak eta alderdi popularreko 'B Kutxa' lotzeko arrastorik.

Hori dela eta, Fiskaltzaren erabaki bakarra Pablo Ruz Gürtel auziko epaileari Luis Barcenas lekuko gisa deitzeko eskatzea izan da. Horrekin batera, 2007ko Barcenasen errentaren aitorpena eskuratzeko ere eskatu dio, laster preskribitu egingo duelako.

Zer ikertu

El Pais-en arabera, ordainketak jaso dituztenek ez dituzte Ogasunean deklaratu, ordezkaritza gastuak izango bailiran jaso zituztelako.

Hala izango balitz, arau-haustea izango litzateke, baina ez delitu fiskala, urtean 120.000 euro baino gutxiago jaso zituztelako.

Gainera, epaileek 2007. urtetik aurrera egindako arau-hausteak baino ezingo lituzkete zigortu, gainerakoak preskribatu egin baitira.

Ikertzeko beste puntu bat hainbat enpresak PPri ustez emandako dohaintzak dira (asko eraikuntzaren sektoretik etorri ziren). Izan ere, Prisa taldearen egunkariaren arabera, Barcenasen agirietan agertzen diren dohaintzen % 70 legez kanpokoak ziren, kopurua legeak baimendutakoa (60.000 euro) baino handiagoak zirelako, edo alderdi politikoei dohaintzak ematea debeketatuta duten enpresek edo pertsonek eman zituztelako. Alderdiaren finantziazioa legez kanpokoa izan zela frogatuko luke horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea