Politika -
Barcenas auzia
PPko zuzendaritzak ezohiko bilera egingo du larunbatean
Alderdi Popularreko zuzendaritza batzorde nazionala elkartuko da asteburuan, Barcenas auzia pil-pilean dagoen honetan.
Mariano Rajoy PPko presidenteak alderdiaren zuzendaritza batzorde nazionala deitu du larunbaterako, Barcenas auzia pil-pilean dagoen honetan.
Alderdi Popularreko goi-kargudunek asteburuan egingo duten bileran PPko zuzendaritza taldeko kideak eta autonomia erkidegoetako eta probintzietako presidenteak bilduko dira, Mariano Rajoy buru dutela.
Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusiak ukatu egin du ostegun honetan alderdiko kontabilitate ofizialetik kanpo gainsoldatak jaso dituztenik popularrek.
Alderdi Popularreko zuzendaritza batzorde nazionala urtarrilaren 21ean elkartu zen azkenekoz, PPren baitan ezkutuan gainsoldatak banatu zirela eta Luis Barcenas PPko diruzain eta senatari ohiak Suitzako banketxe bateko kontuan 22 milioi euro izan zituela argitaratu eta gero.
Azken bileraren ondotik, Marian Rajoy presidenteak kanpo-auditoria bat iragarri zuen PPren kontuak aztertzeko.
Oro har, hiru hilabetean behin elkartzen da PPko zuzendaritza batzorde nazionala, baina zuzendaritzak ezohiko bilera deitzeko aukera du.