Politika -

Barcenas auzia

Euskal alderdien erreakzioak 'Barcenas auzia'ren aurrean

EAJk ustelkeriaren aurkako ituna egin aurretik auzia argitzeko eskatu dio PPri. EH Bilduk dimisioak exijitu ditu, eta PSE-EEk "ardurak berehala hartu" behar direla iritzi dio.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea. Argazkia: Efe
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea.
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea. Argazkia: Efe

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresarien dohaintzekin PPko kideek aparteko soldatak jasotzen zituztela frogatzen duten agiri sekretuak argitara eman ostean, euskal alderdi politikoen erreakzio soka berehala iritsi da.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak errefusatu egin du Espainiako Gobernuarekin ustelkeriaren kontrako ituna egitea PPk Barcenas auzia argitzen ez duen bitartean.

"Ez dugu epaile edo fiskal izan nahi, baina sistema demokratikoaren mesedetan eta herritarren konfiantza lortzeko, beharrezkoa da berehala argitzea, kapitulu berri baten zain egon beharrean", adierazi du Estebanek.

Laura Mitnegi EH Bilduren bozeramaileak, bere aldetik, beste edonon dimisioren bat izango zela salatu du.

Hori horrela, Mintegik azpimarratu du "larria" dela "iruzurra bera, baina baita ukatzeko esaten den gezurra ere". "Arduradunak nortzuk diren jakiteko neurri azkarrak eta eraginkorrak" eskatu ditu.

Euskal sozialistei dagokienez, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak aldarrikatu du "PPren barruan ardurak berehala hartzea beharrezkoa" dela, izan ere, izen-abizenak esan dituzte "argi eta garbi", Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearena tartean. Hori dela eta, azalpenak eskatu dizkio Rajoyri.

Pastorren arabera, "oso gertakari gaitzesgarria da, ez zen inoiz gertatu behar, eta oso irudi txarra ematen dio jarduera politikoari. Gainera, agerian uzten ditu PPk eta PPren Gobernuak gardentasunaren alde hartutako konpromiso etikoak".

Nafarroa

Yolanda Barcina (UPN) Nafarroako presidentearen ustez, ''garaia da Justiziak esku hartu dezan, eta, legeak aldatu behar badira, aldatu ditzatela''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea