Politika -

Saioa Legebiltzarrean

Akordiorik ez Legebiltzarrean, ETAri buruzko testu bat onartzeko

Bestalde, taldeek berriz ere atzeratu dute bakeari eta bizikidetzari buruzko lantalde bat sortzeko eztabaida. Tasa judizialen inguruan akordioa lortu dute.

Eztabaida bat Eusko Legebiltzarrean. EFE
Eztabaida bat Eusko Legebiltzarrean. EFE
Eztabaida bat Eusko Legebiltzarrean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ez du akordioa lortu ETA desegitea lortzeko prozesuari buruz EAJk aurkeztutako testu bat onartzea, berdinketa izan baita berriz.

Testua EAJk PPren ekimen bati jarritako zuzenketa bat izan da. Joan den astean ere bozkatu zuten, eta orduan berdinketa izan zen. Izan ere, EAJren 27 legebiltzarkideek alde egin zuten, PSEk (16), PPk (10) eta UPyDk (1) aurka egin zuten, eta EH Bildu (21) abstenitu egin zen.

Gasteizko Ganberaren araudiaren arabera, berdinketa kasuetan errepikatu egin behar da bozketa, hurrengo saioan. Horretan ere berdinketa egotekotan, testua bertan behera geratzen da. Hori da, hain zuzen ere, gaur gertatu dena.

Joan den asteko saioan ikusi zenez, taldeak ez daude ados ETA desegitea lortzeko prozesuan eman beharreko pausoekin. PPren asmoa, gainera, Legebiltzarrak terrorismoa gaitzestea eta erakunde terroristari desegitea eskatzea zen.

Popularren ekimenak ez zuen aurrera egin, bere legebiltzarkideen, PSEren eta UPyDren babesa baino ez zuelako jaso. EAJk eta EH Bilduk aurka egin zuten.

Presoen kolaborazioaren inguruko proposamenak ere ez du aurrera egin

''Oraindik argitzeko dauden ETAren hilketen'' eta, horri lotuta, presoen kolaborazioaren inguruan UPyDk aurkeztutako proposamenak ere ez du aurrera egin. Bertan, presoek argitu gabe dauden delituak ikertzeko eskaintzen duten laguntza kontuan izatea eskatzen zuen Gorka Maneiroren alderdiak, baina proposamenak PPren eta UpyDren beraren babesa bakarrik lortu du.

Tasa judizialak

Bestalde, Rajoyren Gobernuak onartutako justizia lege berrian jasotzen diren tasa judizialak bertan behera uzteko proposamena onartu du Legebiltzarrak, EAJ, PSE-EE eta UPyD alderdien babesarekin. Hala, pertsona fisikoek tasa judizialak ordaintzeko betebeharra berehala bertan behera uzteko deia egin dio gaur Legebiltzarrak Gobernuari.

EH Bildu abstenitu egin da, eta PPk ezezko botoa eman du.

Bake lantaldea atzeratu dute

Bestalde, Legebiltzarrean bakeari eta bizikidetzari buruzko lantalde bat sortzeko eztabaida berriz ere atzeratu dute, taldeen artean akordioa lortzen saiatzeko.

Kontua ez dute gaurko gaien zerrendan sartu ere egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea