Politika -
Elkarrizketa
Calparsoro, Barcenas auziari buruz: 'Delitu zantzuak egon litezke'
Ezkutuko ordainketak egon zirela frogatuz gero 'diru horren jatorria zein den eta ordainsari bati dagokion ikertu beharko da', EAEko fiskal nagusiaren arabera.
Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak Barcenas auziaz hitz egin du, eta, horren hitzetan, "delitu zantzuak egon litezke, ezkutuko ordainketak gardentasunik gabe egin badira".
ETB-2ko 'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, PPko zuzendaritzako kideei egin omen zitzaien gainsoldatak ikertu beharko dira, eta, egin balira, "diru horren jatorria zein den eta ordainsari bati dagozkion ikertu".
Calparsororen iritziz, Barcenas auziak "ikerketa bat egitea merezi du". Delitua egon dela frogatuz gero, iruzurgileak bizitza publikotik ateratzea proposatzen du.
"Ez da ona orokortzea", eta kasu isolatuak izatea espero du. "Ezin da susmoa politikari guztiengana zabaldu. Hemen, Euskadin, funtzio publikoan lan egin dutenek meritu handiak egin dituzte. Antza denez, beste instantzia batzuetan egin dira ezkutuko ordainketa horiek", gaineratu du.
Ustelkeriaren kontrako ituna
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ustelkeriaren kontra proposatu berri duen ituna ere izan du hizpide Juan Calparsorok. Horren ustez, ustelkeriari aurre egiteko, legeak aldatu eta delitua egin duten politikariak bizitza publikotik baztertu behar dira.
Juan Calparsororen arabera, alderdi politikoek jasotzen dituzten dohaintzek publikoak izan behar dute, ezkutatzeko ezer ez dutela erakusteko.
Bestalde," polizia judizialak epaileen eta fiskalen menpe egon beharko luke".