Politika -
Barcenas auzia
Rajoy eta Cospedal, Barcenasen 'agiri sekretuetan' nahasita
'El Pais' egunkariak PPko diruzain ohiaren kontabilitate sekretua argitaratu du. Agiriek alderdiaren finantziazioa legez kanpokoa izan zitekeela iradokitzen dute.
Erredakzioa
El Pais egunkariak Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren "agiri sekretuak" publikatu ditu gaur. PPko buruzagi nagusiek pizgarriak diru beltzean jaso zituztela frogatzen ei dute horiek, eta alderdiaren finantziazioa legez kanpokoa izan zela iradokitzen dute.
Hain zuzen ere, egunkariak 1990. eta 2009. urteen artean Alvaro Lapuerta eta Luis Barcenas diruzainek kudeatutako kontabilitate sekretuaren agiriak publikatu ditu. Txostenetan, PPk azken hamarkadetan izandako hainbat buruzagi agertzen dira nahasita, hala nola Mariano Rajoy, Maria Dolores de Cospedal, Rodrigo Rato, Angel Acebes eta Jaime Mayor Oreja.
Agiriek diru sarrerak (hainbat enpresabururen dohainak) eta irteerak jasotzen dituzte, datak eta kopuruak aipatuta.
El Pais-en arabera, ordainketak jaso dituztenek ez dituzte Ogasunean deklaratu, ordezkaritza gastuak izango bailiran jaso zituztelako. Hala izango balitz, arau-haustea izango litzateke, baina ez delitu fiskala, urtean 120.000 euro baino gutxiago jaso zituztelako.
Gainera, epaileek 2007. urtetik aurrera egindako arau-hausteak baino ezingo lituzkete zigortu, gainerakoak preskribatu egin baitira.
Agirietan ikus daitekeenez, PPko diruzainak 1997. urtean, Jose Maria Aznar alderdiko presidente zenean, hasi ziren idazkari nagusiei eta idazkariorde nagusiei gainsoldata irregularrak ematen. Besteak beste, Mariano Rajoy, Rodrigo Rato, Jaime Mayor Oreja, Francisco Alvarez Cascos, Javier Arenas, Angel Acebes eta Maria Dolores de Cospedal daude nahasita.
Halaber, PPk ETAk hildako zinegotzi baten alargunari, Libertad Digital Federico Jiménez Losantosen webguneari eta Basta Ya plataformari ere ordaindu ziela erakusten dute txostenek.
Mariano Rajoyk 1997. urtean jaso omen zituen ordainketak aurrenekoz: sei hilabetean behin, 2.100.000 pezeta jasotzen zituen. 2002.etik aurrera, eurotan jaso zituen, 12.600, hots, 25.200 urtean. 2008. urtea arte jaso zituen gainsoldatak.
Acebesek eta Mayor Orejak Rajoyk beste kobratzen zuten, Ratok egungo gobernuburuak baino 2.000 euro gehiago, eta diru gehien jasotzen zutenak Arenas eta Cascos ziren: 40.000 euro bakoitzak.
PPri dirua eman dioten enpresaburuen artean eraikuntzaren sektoreko hainbat daude, Luis del Rivero (Sacyr Vallehermoso), Juan Miguel Villar Mir (OHL) eta Jose Mayor Oreja (FCC), kasu. Mercadona konpainiaren izena ere agertzen da, gutxienez bi ordainketatan.
Mercadonak eta OHLk gaur bertan ezeztatu egin dute 1990 eta 2008 bitartean dohaintzak egin izana, eta FCCk epe horretako kontabilitatea berrikusiko duela iragarri du.
Txostenetan agertzen diren pertsonek ukatu egin dute gainsoldatarik jaso izana.
Cospedalen, Barcenasen eta Pio Garcia Escuderoren adierazpenak
Prentsaurrekoan, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak gezurtatu egin du PPn kontabilitate ezkutua zutela, eta "suminduta" agertu da El Pais-en informazioen aurrean.
Cospedalek auzitara joko dutela iragarri du, eta PP "alderdi batek inoiz izan ez duen gardentasuna" erakusten ari dela gaineratu du.
Beste agiri batean, Luis Barcenasek ukatu egin du PPko diruzaina izan zen garaietan ordainketa ezkutuak egin izana. Gainera, Rajoyren alde egin du.
Pio Garcia Escudero Senatuko presidenteak aitortu du PPk bost milioi pezetako mailegua eman ziola, El Pais egunkariak jakitera eman duenez. Hala ere, Senatuko presidenteak azpimarratu du diru kopuru hori milioiz milioi itzuli zuela, eta horixe agertzen dela Barcenasen agiri sekretuetan.
Alderdi Popularrak agiri bat kaleratu du alderdiaren barruan "ezkutuko kontabilitatea" dagoela ukatzeko eta "ordainketak legea eta zerga betebeharrak errespetatuz" egin zirela ziurtatzeko. Mariano Rajoy PPko presidenteak, bestalde, alderdiaren zuzendaritza batzorde nazionala deitu du larunbaterako, Barcenas auzia pil-pilean dagoen honetan.
Oposizioak Rajoyren agerraldia eskatu du
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak agerraldia egitea eskatu dio Mariano Rajoy presidenteari, El Pais egunkariak kaleratutako ''Barcenasen agiri-sekretuek'' biltzen dutena jaso zuen argitu dezan, eta, jaso baldin bazuen, ''beltzean edo zurian'' jaso zuen esan dezan. Aurretik, El Pais egunkariak PPko diruzainen kontabilitatearen inguruan kaleratutakoa "oso larria" dela esan du Soraya Rodriguez Kongresuko PSOEko bozeramaileak.
Cayo Lara IUko koordinatzaileak uste du ''isiltasunaren legeak'' kale egin duela PPn, eta ''Barcenas bonba aktibatu'' dutela. Ondoren, Rajoyren dimisioa eskatu du, eta ''demokrazia birsortzeko'' hauteskundeak aurreratzea eskatu du
Euskal alderdien erreakzioak ere iritsi dira goizean zehar. Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak errefusatu egin du Espainiako Gobernuarekin ustelkeriaren kontrako ituna egitea PPk Barcenas auzia argitzen ez duen bitartean.
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak, bestalde, beste edonon dimisioren bat izango zela salatu du.
Yolanda Barcina (UPN) Nafarroako presidentearen ustez, ''garaia da Justiziak esku hartu dezan, eta, legeak aldatu behar badira, aldatu ditzatela''.
Protestak Genovan, Rajoyren dimisioa eskatzeko
Sare sozialetako erabiltzaileek kontzentrazio bat deitu dute ostegun honetan Madrilen, Genova kaleko PPren egoitzaren aurrean, Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen dimisioa eskatzeko asmoz. 25S Koordinatzaileaz gain, M-15i lotutako beste askok ere ekitaldiarekin bat egin dute, tartean Democracia Real Yak eta Acampada Solek.
Barcenas auzia
PP barruko ustezko ustelkeria sariaren polemika duela bi aste hasi zen. Orduan, Barcenasek Suitzan 22 milioi euro izan zituela jakin zen. Hurrengo egunean, gainera, PPko diruzain ohiak alderdiko buruei pizgarriak diru beltzean eman zizkiela argitaratu zuen El Mundo egunkariak.
Alderdian legez kanpoko gainsoldatak ematen zirela Jorge Trias Sagnier diputatu popular ohiak baieztatu zuen. Horren ildotik, gainsoldatak hilean 10.000 euro artekoak izan zirela azaldu zuen.
Auzia puzten ari zela ikusita, Rajoyk kanpo-auditoria bat agindu zuen, PPren kontuak ikertu eta alderdiaren irudia garbitzen saiatzeko.
Atzo, Barcenasek hainbat agiri aurkeztu zituen Auzitegi Nazionalean, Gobernuaren amnistia fiskalari esker deklaratu ez zituen 11 milioi euro erregularizatu dituela erakusteko.