Politika -
Balorazioa
Bakerako elkarrizketa-ildo 'pertsonala' irekiko du Urkulluk Rajoyrekin
Gobernuak, bestalde, ETAren bukaeraren inguruan jarrera berari eutsiko diola berretsi du. Lehendakaria eta Rajoy presidentea hiru orduz bildu dira Moncloan.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentea hiru orduz bildu dira Moncloako jauregian, eta, Urkulluk esan duenez, bilera "errespetuzkoa eta emankorra" izan da. "Akordiorako eta elkarrizketarako ateak ireki ditugu", nabarmendu du.
Halaber, bakegintza eta normalizazioa jorratzeko, Rajoyrekin ''elkarrizketa ildo pertsonala'' irekiko duela iragarri du Urkulluk. Bileraren ondoren egin duen prentsaurrekoan, ''zuhurtzia''rekin eta ''leialtasuna''rekin lotu ditu elkarrizketa horiek.
Mariano Rajoy presidenteak, bestalde, ''Jaurlaritzaren leialtasuna'' aintzat hartu du, baina ETAren bukaeraren inguan jarrera berari eutsiko diola berretsi du, Rajoyren Gobernuko iturriek bilera bukatu ondoren azaldu dutenez. ''Gobernuaren jarrera ezagun da, eta ildo horretan ez dago aldaketarik'', gaineratu dute.
''Zuhurtasuna'' bakegintzan
Lehendakariak azaldu duenez, bake-proiektuaren "lerro nagusiak" aurkeztu dizkio Rajoyri bileran. Urkulluren ustez, bakegintza kontuz hartzeko gaia da, eta, kartzela-politikari eta biktimei dagokienez, zuhurtzia behar da. "Era horretan soilik izango da emankorra lana", nabarmendu du.
Halaber, Alderdi Popularrak Eusko Jaurlaritzako Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldean parte hartzearen garrantzia helarazi dio.''Ez dakit zer egingo duen Euskadiko PPk, baina Rajoyri aukera historiko hau aprobetxatzearen beharraz hitz egin diot'', azaldu du Urkulluk.
Ekonomian bat egin dute
Lehendakariak azpimarratu duenez, gai asko jorratzeko bilera izan da gaurkoa, tartean krisia. Zentzu horretan, bi agintariek bat egin dute ekonomia berpizteko beharra azpimarratzean.
Gobernuko iturriek ere ekonomia mailan adostasuna egon dela azpimarratu dute, eta bi agintarien lehentasunak krisia, hazkunde ekonomikoa eta enplegua direla baieztatu dute.
Kupoa negoziatzeko borondatea
Bileran zehar, kupoa berriz negoziatu beharra dagoela berretsi dio lehendakariak Espainiako presidenteari. Izan ere, kupoa bost urtean behin berritu behar da, eta azkenekoa 2011ko abenduaren 31n amaitu zen (iaz luzatu egin zuten).
''Lantaldeak martxan jarri eta Kontzertuaren Batzorde Mistoa biltzea espero dut'', esan du Urkulluk. Rajoyk eskaria begi onez hartu duela azaldu du lehendakariak.
Ildo horretan, presidenteak elkarrizketarako borondatea agertu duela azpimarratu dute Rajoyren Gobernuko iturriek.
Eskumenak
Lehendakariak prentsaurrekoan azaldu duenez, Jaurlaritzak hezkuntzaren erreformari, defizit-mugari eta Gobernuak osasun arloan hartutako neurriei buruzko zer iritzi duen plazaratu dio Rajoyri. Halaber, Eusko Jaurlaritza "gauza guztientzako lege-dekretuak erabiltzeko'' politikarekin bat ez datorrela azaldu dio presidenteari. Urkulluren ustez, "inposatutako erabakiak dira, aplikatzeko zailak eta ulertzeko ezinezkoak".
Bestalde, presidenteari "transferentzia gaietan akordioak betetzea" eskatu dio. "Aldebikotasunaren erregimena eskatu dut", laburtu du Urkulluk.
Horren haritik, eta kazetarien galderei erantzunez, Urkulluk azpimarratu du Rajoyri "oraindik egiteke dauden transferentziak" helarazi dizkiola. "Nire kezkak azaldu dizkiot, eta pausoak eman ahal izatea espero dut", adierazi du lehendakariak.
Jonan Fernandezen kontrako kritikak
Jonan Fernandezen izendapenaren inguruan PP eta UPYD alderdiek eta AVTk egindako kritiken inguruan galdetuta, Urkulluk aitortu du HBko zinegotzia izan zela Fernandez, baina ordutik hona izan duen ibilbidearen azterketa ''zintzoa'' egitea eskatu du.
''Beste edozein gauzak nik orain beste pertsona batzuen eta horien ibilbideaz esan nahi ez ditudanak esatea ekarriko luke. Nahiago dut orainean geratu, etorkizunari esperantzaz begira'', gaineratu du.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza berria osatzen duten kide guztien ibilbidea aztertzera dei egin du Urkulluk, eta egitura berria ''memoriaren omenezko adibide'' dela azaldu du.
''Zer nahiago dugu: Denak Herri Batasuneko kide izaten jarraitzea? Ze beste batzuk HBkoak baino zerbait gehiago izan ziren'', gaineratu du Urkulluk.
Lehendakariak ez du uste izendapenak Rajoyren Gobernuarekin liskarrik sortuko duenik.