Politika -
Presoak
Kartzela-politika aldatzeko adostasun eraginkorra bilatuko du Herrirak
Horrez gain, Herriraren ordezkaritza bat Bruselara joango da martxoaren 20an, Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot' doktrina deitutako araua berriro aztertuko duen egunean.
Erredakzioa
Herrirak "euskal gizartearen gehiengoaren eskaria" bete nahi du, alegia, egungo kartzela-politika aldatzea, eta horretarako adostasun zabalak bilatzeko lan egingo du.
Beñat Zarrabeitia eta Nagore Garcia Herrirako bozeramaileek azpimarratu dutenez, "presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriak berehala bertan behera uzteko eskatu du euskal gizartearen gehiengoak".
Alabaina, "gehiengo hori artikulatzea eta eraginkor bihurtzea falta da, gobernu ezberdinek ezarri duten blokeoa gainditzeko". Horrenbestez, eraginkortasun hori bilatzea izango da Herriraren helburu nagusia datozen hilabeteetan eta horretarako "hitz egiteko eta akordioetara heltzeko" prest daudela adierazi dute.
Eusko Jaurlaritzaren Bakerako eta Elkarbizitzarako arloa zuzenduko duen Jonan Fernandezi buruz galdetuta, Zarrabeitiak haren ibilbide politikoa nabarmendu du.
Presoen auziari buruz Bakerako eta Elkarbizitzrako taldeak proposatzen duena eta Iñigo Urkullu eta Mariano Rajoyren arteko bilerak ematen duena zorrotz aztertu beharko dutela ere esan du.
Bien bitartean, eta Espainiako eta Frantziako gobernuak blokeoari eutsiko diotela ikusita, Herrirak ezinbestekotzat jo du "Euskal Herrian nahiz nazioartean presioa areagotzea".
Gauzak horrela, Herriraren ordezkaritza bat Bruselara joango da martxoaren 20an. Hain justu, egun horretan aztertuko du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 'Parot' doktrina legez kanpokotzat jotzen zuen epaiaren aurka Espainiako Gobernuak ezarritako helegitea.
Martxoaren 20rako nahiz maiatzaren 18rako, Herrirak mobilizazioak deituko ditu Euskal Herriko hiri eta herrietan.