Politika -
Lehiaketa
Nafarroak lizentziarik gabe utzi du beste behin Euskalerria Irratia
Iruñean 16 eskaintza aurkeztu dira 2 lizentzia lortzeko eta Euskalerria Irratia hirugarren postuan gelditu da. Lizentziak Cope eta Ser irrati kateek eskuratu dituzte.
Erredakzioa
44 lizentzia atera ditu lehiaketara Nafarroako Gobernuak eta lehiaketa publikoaren emaitzak jakinarazi dituzte gaur Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Kultura kontseilariak eta Edurne Elio exekutiboko komunikazio arduradunak.
Balorazio Mahaiaren puntuazioaren arabera, lizentzia gehien eskuratu dituzten taldeak ondorengo hauek dira: Abian Komunikazioa S.L. (9), Radio Popular S.A. (3), Kiss Radio S.A. (4) eta Zeroa Multimedia S.A (3).
Aurtengoan ere Nafarroako Gobernuak lizentziarik gabe utzi du Euskalerria Irratia.
Joan den urrian, Europako Kontseiluaren hizkuntza gutxituen hirugarren txostenak Euskalerria Irratiari erreferentzia eginda, euskal hiztunei euskarazko irrati bat eta telebista bat bermatzera behartuta dagoela gogorarazi zion Nafarroako Gobernuari.
Euskalerria Irratiak 25 urte daramatza lizentziarik gabe lan egiten.
Lizentzia banaketa
Iruñean, 16 eskari egon dira 2 lizentzia eskuratzeko, eta Euskalerria Irratia hirugarren postuan gelditu da. Nafarroako hiriburuko lehiaketan, Copek 73,05 puntu lortu ditu, Ser irrati kateak 72,43 eta Euskalerria Irratiak 72,05. Herri Iruñea baino beste herri txikiagotan, ordea, 3 eta 4 lizentzia eman dira.
Hauek izan dira lizentzia lortu duten etxeak: Cope (5 lizentzia), Ser (3), Kiss (4), Onda Cero (2), Punto Radio (2), Radio Maria (2) eta Xorroxin Irratia (2).
Halaber, beste hauek lizentzia bana eskuratu dute: Cadena 100, Cadena Dial, Es.Radio, Radio Intereconomia eta Radio Marca. Azkenik, beste 17 frekuentzietan programazio berria eskainiko da.