Politika -

Dokumentazioa

Profila: Jonan Fernandez, Baketikeko eta Elkarriko buru ohia

Jaurlaritzaren bake eta bizikidetza arduradun berriak ibilbide luzea egin du akordioa eta elkarrizketa sustatzen.

Jonan Fernandez. EITB
Jonan Fernandez. EITB
Jonan Fernandez, Baketikeko eta Elkarriko buru ohia

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandezek (Tolosa, 1962) bere gain hartuko du Eusko Jaurlaritzaren bakeari eta bizikidetzari buruzko arlo berria, akordioa, elkarrizketa eta adiskidetzea sustatzen ibilbide profesional luzea egin eta gero.

Fernandez Herri Batasuneko (HB) zinegotzi izan zen 1987.etik 1991.era, Tolosan. Ondoren, Lurraldea plataforma ekologistako burua izan zen, eta Leizarango Autobidearen behin betiko ibilbidea adostu zuen Gipuzkoako Aldundiarekin.

Plataforma horren arrakasta oinarri hartuta, Elkarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sarea sortu zuen, 1992. urtean, "euskal gatazkari irtenbide baketsu eta elkarrizketatua emateko eredua aldarrikatu eta bultzatzeko".

Fernandez 14 urtez izan zen karguan, plataforma desegin eta Lokarri izenarekin berriz sortu zen arte, hain zuzen ere. Tarte horretan, Elkarri ezker abertzaletik bereizi, eta kolore politiko askotarikoko pertsonak eta ideiak bereganatu zituen.

Elkarri utzi eta gero, Baketik Arantzazuko santutegiko frantziskotarrek sustatutako fundazioko zuzendari egin zen, eta azken sei urteak zeregin horretan eman ditu.

Duela bi aste, Fernandezek azken agerraldi publikoa egin zuen Baketikeko zuzendari gisa, eta, horretan, udalen eta ikastetxeen arteko "aliantza estrategikoa" egitea eskatu zuen, "bizikidetza eta adiskidetze kultura berria sustatzeko".

Orain, Eusko Jaurlaritzan, bakegintzari, bizikidetzari eta oroimenari buruzko politikak koordinatuko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea