Politika -
Krisi politikoa
Burujabetza adierazpenaren kontra bozkatu ez zutenak zigortu ditu PSCk
400 euroko isuna ordaindu beharko dute. Bestalde, alderdiko zuzendaritzak 'aurrera egitea' erabaki du, eta alderdikideen arteko iritzi ezberdintasunak leuntzeko bilerak deituko dituzte.
PSCko zuzendaritzak isuna ezarri die Kataluniako Parlamentuan burujabetza adierazpenaren kontra bozkatu ez zuten bost parlamentariri. Alderdiak kontrako botoa ematea eskatu bazien ere, bost parlamentarik botorik ez ematea erabaki zuten. Hori dela eta, 400 euroko isuna ordaindu beharko dute orain.
Gertaturikoaren ondoren, PSCko zuzendaritza batzordea elkartu da gaur subiranotasunaren adierazpenaren aurka bozkatu ez zuten bost diputatuak zigortu edo ez erabakitzeko. Ondoren, Jaume Collboni PSCko zuzendaritza batzordeko bozeramaileak hitz egin du kazetarien aurrean, eta arazoa konpondutzat eman du.
Bilera "bizia" izan da, Collboniren hitzetan, eta zuzendaritzak bilera sorta bat egitea erabaki du, sozialisten ildo nagusien gainean eztabaidatzeko. Bilera horietan erabakitzeko eskubidearen gainean ere hitz egingo dute, hori izan baitzen alderdiaren baitan zatiketa eragin zuen arrazoietako bat.
"Ez da diziplina arazo bat; ez genuke gerrako terminologia erabili behar gertaturikoa azaltzeko. Gertaera larria da, eta hori zigortzeko neurriak baditugu. Bestalde, proiektu sozialista indartzeko, bilerak egitea adostu dugu", gaineratu du bozeramaile sozialistak.
Oraingoz, ez dute alderdia utziko subiranotasun adierazpena bozkatu ez zuten parlamentariek. Collbonik jakinarazi duenez, zuzendaritzaren asmoa alderdiaren barruko sentsibilitate guztien sintesia egitea da, CiU-ERC blokeari aurre egingo dion alderdi indartsua osatzeko.