Politika -

Legegintzaldiaren lehen saioa

Legebiltzarrak senatari autonomikoak izendatu ditu

Aurrez ikusita zegoenez, Jokin Bildarratz (EAJ), Iñaki Goioaga (EH Bildu) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) izendatu dituzte senatari.

Jokin Bildarratz (EAJ), Iñaki Goioaga (EH Bildu) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE). EITB
Bildarratz, Goioaga eta Rodriguez senatari autonomiko izendatu dituzte

3:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak hiru senatari autonomikoak izendatu ditu gaur, legegintzaldi berriko lehen osoko bilkuran.

Hain zuzen ere, Jokin Bildarratz (EAJ), Iñaki Goioaga (EH Bildu) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) izendatu dituzte, aurrez ikusita zegoenez.

PPk eta UPyDk gogor kritikatu dute Iñaki Goioaga ETAko hainbat presoren abokatuaren izendapena, eta demokraziarentzat "iraina" iritzi diote. Bi alderdi horiek ez dute parte hartu bozketan, protesta gisa.

Goioagaren hautagaitza EH Bilduk babestu du (21 boto), Bildarratzena EAJk (24) eta Rodriguezena PSE-EEk eta hiru legebiltzarkide jeltzalek (19).

Saioaren hasieran, Gorka Maneiro eta Borja Semper UPyDko eta PPko legebiltzarkideek hitza hartu dute. Gainerako taldeek uko egin diote.

Hori horrela, Semperrek "senatari espainiar" bat eduki nahi izatea eta "sentsibilitaterik ez izatea" egotzi dio EH Bilduri. Horren esanetan, Goioaga "duela 18 urte Gregorio Ordoñez [PPko legebiltzarkide zena] hil zuen taldeko ustezko kide da".

Maneirok "ETAren komisario politikoa" izatea leporatu dio senatari abertzaleari, eta ETAko ustezko kideen atxiloketak kritikatzen jarraitzea EH Bilduri.

BAKE ETA BIZIKIDETZA LANTALDEA

Bestalde, PSE-EEk atzeratu egin du Gasteizko Ganberan bakeari eta bizikidetzari buruzko lantalde bat sortzeko proposamena, PP gainerako taldeen arteko akordiora erakartzen saiatzeko.

Talde parlamentarioak proposamen guztiak batzeko transakzio-zuzenketa bat adosten saiatu dira, baina, azkenean, PPk errefusatu egin du sinatzea.

Horregatik, sozialistek atzeratu egin dute eztabaida, eta hilaren 31ko saiora eramaten saiatuko dira, PP erakartzeko xedez.

Carmelo Barrio PPren legebiltzarkidearen esanetan, PPk ez du lantaldea sortzea babestuko, EH Bilduk terrorismoa gaitzetsi ezean. Nolanahi ere, sortu egiten badute, parte hartu edo ez aztertuko dutela aurreratu du.

ETARI GAITZESPENA

Eusko Legebiltzarrak ez du lortu, PPk eskatuta, ETAren kontrako gaitzespena jasotzeko testua adostea. Legebiltzarrak ETAren atentatu guztiak gaitzetsiko, ETAren behin betiko eta baldintzarik gabeko disoluzioa eskatuko eta terrorismoaren biktimen memoria eta egia babesteko konpromisoa berretsiko zuen testua onartzea nahi zuen PPk.

Proposamenak, baina, PP beraren (10 legebiltzarkide), PSE-EEren (16) eta UPyDren (1) baiezkoa bakarrik lortu du, eta, ondorioz, ez du aurrera egin.

ZATIKETA ETXEGABETZEEN AURREAN

Bestalde, etxegabetzeen arazoari aurre egiteko moduak bitan zatitu du Gasteizko Ganbera: EAJ, PP eta UPyD alde batetik, eta EH Bildu eta PSE-EE bestetik.

Lehenengoek gehiengoa batu dute, eta atzera bota dute koalizio abertzaleak aurkeztutako eta sozialistek babestutako ekimen bat, laguntza publikoak jasotzen dituzten finantza erakundeak etxea zorraren ordainean jasotzea onartzera behartzea helburu zuena.

Horren aurrean, EAJk, PPk eta UPyDk zuzenketak aurkeztu dituzte, eta onartu egin dituzte.

Osoko bilkurak onartutako testuak hutsik dauden eta Udalarenak diren etxebizitzak etxegabetuen esku uztea eskatu die udalei, eta alokairu sozialean lehentasuna ematea Eusko Jaurlaritzari.

ERAKUNDEEN EGITURA AZTERTZEKO LANTALDEA

Bestalde, EAEko erakundeen egitura aztertuko duen lantaldea eratzea onartu dute Legebiltzarrean, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin. UPyD eta PP abstenitu egin dira.

Halaber, baztertu egin dute Lurralde Historikoen Legearen erreforma egiteko UPyDk aurkeztutako proposamena (PP abstenitu egin da, eta beste alderdiek ezezkoa botoa eman dute).

EH BILDU, PRESOEN ALDEKO INTSIGNIEKIN

Saioan, EH Bilduren legebiltzarkideek presoen eskubideen aldeko eta sakabanaketaren aurkako intsigniak erakutsi dituzte.

Horrela, parlamentariek atzo koalizio abertzaleak egindako deiari erantzun diote. Hain zuzen ere, presoen eskubideen aldarrikapena "erakunde guztietara" eramatea eskatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea