Politika -
Kataluniako Parlamentua
CiUk, ERCk eta ICV-EUiAk burujabetza adierazpena erregistratu dute
PSC alderdiak osoko zuzenketa aurkeztu du, eta luzapena eskatu du negoziazioekin jarraitu ahal izateko.
CiU, ERC eta ICV-EUiA alderdiek burujabetzari buruzko adierazpena adostu dute, eta gaur Kataluniako Parlamentuko erregistroan aurkeztu dute 10:00ak baino lehen.
CiU eta ERCk erabakitzeko eskubideari buruz adostutako adierazpenari hainbat aldaketa egingo dizkiote, izan ere, ICV-EUiAk proposatutako aldaketak onartu dituzte. CUP alderdiak ez du zehaztu adierazpena babestuko duen ala ez.
Burujabetzari buruzko adierazpenean irakur daitekeenez, herritarren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesua abian jartzea erabaki du Kataluniako Parlamentuak, eta horretarako oinarri batzuk hartuko dira kontuan: "legitimitate demokratikoa aintzat hartuta, Kataluniak sujetu politiko eta juridiko izaera du".
Hiru alderdiak Espainiarekin, Europako erakundeekin eta nazioartearekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest daude. Halaber, argi utzi dute hartuko diren erabaki guztiak Kataluniako Parlamentuaren baitan hartuko direla.
Gaineratu dutenez, Kataluniako Parlamentuak eta Generalitateak prozesuan parte hartzera gonbidatu behar ditu alderdi politikoak, eragile ekonomikoak, gizarte erakundeak eta kultura eragileak.
PSC alderdiak ez du bat egin burujabetza adierazpenarekin, eta osoko zuzenketa aurkeztu du. Halaber, negoziazioekin jarraitu ahal izateko luzapena eskatu dio Kataluniako Parlamentuko Mahaiari. Gaur elkartuko dira Mahaiko kideak, eta sozialisten eskariari erantzungo diote.
Popularrek ere osoko zuzenketa aurkeztu diote CiU, ERC eta ICV-EUiA alderdiek aurkeztutako burujabetzari buruzko adierazpenari. Popularrek Artur Masi gogorarazi diotenez lehentasunak krisia gainditzea, enplegua sortzea eta defizit publikoa murriztea dira.
Asteazkenean, X. legegintzaldiko lehen osoko bilkuran, bozkatuko dute alderdiek erabakitzeko eskubidearen gaineko adierazpena Kataluniako Parlamentuan.
Sozialisten proposamena
"Legezkoa" izango den erabakitzeko eskubidea bultzatzea proposatu dute sozialistek, eta horien hitzetan, legitimitate demokratikoa aintzat hartuta, Kataluniak "subjektu politiko izaera du, eta bere eskubidea gauza dezake Espainiako eta Kataluniako Gobernuak ados jartzen badira". Halaber, Katalunia sujetu politikoa dela onartzen dute sozialistek, baina ez datoz bat sujetu juridiko izaera horrekin, eta hori da, hain zuzen ere, adierazpena ez onartzeko arrazoietako bat.
TV3 telebista katean egindako elkarrizketa batean Maurici Lucena ordezkari sozialistak adierazi duenez," burujabetza Espainiako herriari dagokio" eta PSCk aurkeztutako proposamenak legea errespetatzen du.