Politika -
Bilera
Erregeak Iñigo Urkullu lehendakaria hartu du Zarzuela jauregian
Asteburuko eurite eta uholdeengatik galdetu dio erregeak Iñigo Urkullu lehendakariari.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Zarzuela jauregira joan da erregearekin biltzera, EAEko hauteskundeen ostean, erkidegoko lehendakari gisa.
Urkulluk osasun egoeraren inguruan galdetu dio; izan ere, ebakuntza egin zioten erregeari aldakan. Makuluen laguntzarekin, dena ongi doala erantzun dio. Aldi berean, asteburuan EAEn egondako euriteengatik eta uholdeengatik galdetu dio erregeak lehendakariari.
Erregea beti biltzen da erkidegoetako presidenteekin bertako hauteskundeen ostean. Alberto Nuñez Feijoorekin bildu zen lehengo astean eta Urkullurekin batzartu da gaur. Artur Mas Generalitateko presidentearekin bilera egiteke du oraindik. Ez dago bilera horretarako datarik, baina aste honetan izango ez dela berretsi dute.
Lehendakaria hilaren 30ean itzuliko da berriro Madrilera. Orduan, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin bilduko da eta Espainiako eta EAEko egoera ekonomikoak aztertu ez ezik, Gobernu zentralaren eta erkidegokoaren arteko elkarlana izango dute hizpide.