Politika -
Lehen bilera
CiUk eta ERCk ez dute babesik lortu burujabetzarako adierazpenean
Datorren astean negoziatzen jarraituko dute Kataluniako bost talde parlamentarioek.
CiU eta ERC alderdiek Kataluniako Parlamentuan aurkezteko burujabetzaren aldeko adierazpena adostu zuten, eta aste honetan bertan aldaketak egin dizkiote zirriborroari erabakitzeko eskubidea defendatzen duten gainerako alderdien babesa eskuratzeko. Gaur bilera egin dute burujabetzaren alde agertu diren CiU, ERC, ICV-EuiA eta CUP alderdiek, baina akordiorik gabe amaitu da bilera. Datorren astean, beste bilera bat egingo dute negoziatzen jarraitzeko.
Bileraren amaieran, Jordi Turull CiUko bozeramaileak jakinarazi duenez, "bost talde parlamentarioetatik lauk jarrera berdina dugu, eta beste batek (PSC) ez ditu gauzak bat ere garbi, eta horri beste proposamen bat egitea eskatu diogu".
Maurici Lucena PSCko bozeramaileak ere hitz egin du, eta horren hitzetan, bere alderdiko "marra gorria" legea da eta oraindik ere lan asko egin behar da hori bermatzeko. PSC alderdiak berme gehiago nahi ditu "prozesua legearen baitan egingo dela ziurtatzeko", gaineratu du.
CiUko bozeramaileak azpimarratu duenez, negoziazioetan parte hartzen ari diren alderdiek ez dute zalantzan jartzen legea, baina "testuak zer legedia errespetatu behar duen eztabaidatzerakoan sortzen dira desadostasunak".
Bestalde, Marta Rovira ERCko bozeramaileak azaldu duenez, alderdiek akordioak lortzeko jarrera ona erakutsi dute, eta datorren astean jarraituko dute negoziatzen, alderdi bakoitzeko zuzendaritzak beren aldetik bilera egin ondoren. Ez dute bigarren bilera hori noiz izango den zehaztu.
Datorren urtarrilaren 23an bozkatuko dute erabakitzeko eskubidearen gaineko adierazpena Kataluniako parlamentuan, eta gaur batzartu diren alderdiek lanean jarraituko dute adostasuna lortzeko.
PPCren jarrera
Enric Millo PPCko ordezkariak Artur Mas Kataluniako presidenteari eskatu dio Katalunia estatu izatea nahi badu, ez dístala gainerako kataluniarrak berarekin eraman.
Bestalde, Kataluniako parlamentuko Mahaiak Alderdi Popularraren eskaria baztertu izana salatu du; izan ere, erabakitzeko eskubidearen gaineko adierazpena tramitera ez onartzeko eskatu zuen.