Politika -
Presoak
Kartzela-politika malgutzea babestu du EAEko fiskal nagusiak
Hartu beharreko neurriak preso bakoitzeko hartu behar direla, eta ez modu kolektiboan esan du Juan Calparsorok.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak adierazi duenez, gaur egungo egoerak bide ematen du kartzela-politika malgutzeko eta presoekin jarrera gizatiarragoak izateko. Gaineratu duenez, presoek zigorrak bete behar dituzte Zigor Kodeak dioenaren arabera, eta kondena murrizketak ezin dira modu kolektiboan jorratu.
Calparsoro Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin elkartu da gaur goizean, bi aldeei dagozkien hainbat gai jorratzeko.
EAEko fiskal nagusiaren hitzetan, kartzela-politika egungo egoerara moldatu behar da, baina beti ere legea errespetatuz eta zigorrak betez; legediak jasotzen dituen espetxe onurak kontuan hartuta eta terrorismoaren biktimak makurrarazi gabe. Bestalde, presoekin jarrera gizatiarragoa izatea eskatu du.
"Seguraski, egungo egoerara moldatu daitezkeen hainbat kasu egongo dira", eta gaineratu duenez, ongi legoke jarrera gizatiarragoa izatea. Bestalde, "kartzela-politika malgutu beharko litzake".
Edozein kasutan, EAEko fiskal nagusiak adierazi duenez, preso bakoitzak bere zigorra bete behar du, eta bakoitzak gizarteratzeko bere bidea izan behar du.
Bilbon presoen eskubideen alde egindako manifestazioaren harira, biltzeko eskubidearen adibide garbia izan zela adierazi du.
AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak larunbateko manifestazioan terrorismoa goratu zela argudiatuta salaketa aurkeztuko du laster. Horren harira, Calparsorok ez du uste deliturik egon zenik.
Iñigo Cabacas auzia
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak esan duenez, oraingoz ez dago delitu zantzurik Iñigo Cabacas auzian prozesu judiziala gertaturikoa argitzeko fasean dagoelako.
Iragan apirilean, ordea, Iñigo Cabacasen heriotza "arduragabekeriazko homizidioa" izan zitekeela adierazi zuen Calparsorok, nahiz eta onartu zuen ikerketak "ustekabeko gertaera" izan zela ondorioztatu zezakeela.
Ertzaintzaren pilotakada batek eragindako zaurien ondorioz hil zen Iñigo Cabacas. Athleticeko jarraitzaileak 3 egun egin zituen koma egoeran apirilaren 5ean Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partidaren ondoren izandako istiluetan buruan jasotako pilotakada baten ondorioz.