Politika -
Eusko Legebiltzarra
Presoen auzian 'bustitzeko' eskatu dio EH Bilduk Urkulluri
Julen Arzuaga legebiltzarkidearen iritziz, lehendakariak kartzela-politikaren gainean hartu nahi dituen konpromisoak zehaztu behar ditu.
EH Bilduk presoen auzian "bustitzeko" eskatu dio Iñigo Urkulluri; izan ere, Jaurlaritzak kartzela-politikaren inguruan dituen asmoak jakin nahi ditu.
Eusko Legebiltzarrera eraman dute lehendakariarentzako interpelazioa gaur goizean bertan, eta, ondoren, gaiaz hitz egin du Julen Arzuaga legebiltzarkideak kazetarien aurrean. EH Bilduko legebiltzarkideak kazetarien aurrean hitz egin du Legebiltzarreko kazetarien aurrean
Arzuagaren hitzetan, presoen eskubideen alde Bilbon egindako manifestazioan argi geratu zen euskal gizartearen zati handi batek gaixo dauden presoak aske gelditzea eta euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzea eskatzen duela.
Azpimarratu duenez, gizartearen zati handi batek presoen auzian aurrerapausoak emateko eta konpromisoak hartzeko eskatzen du. Hori dela eta, "Urkulluk bere jarrera zein den eta zer egiteko prest dagoen argitu behar du".
Iñigo Urkullu laster Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin elkartuko da, eta Arzuagaren ustez ez da nahikoa Urkulluk bilera horretan mezulari lanak soilik egitea.
"Urkulluk gehiago egin behar du eta kartzela-politikaren gainean hartuko dituen konpromisoak zehaztu behar ditu, erakundeek beren jarrera argitzeko garaia heldu baita", adierazi du Arzuagak. Horren ustez, presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko zein formula gustuko duen azaldu beharko du Urkulluk: Nanclares bidea edo besteren bat.