Politika -

Elkarrizketa

Ortuzar: 'Gai nagusietan akordioetara iristeko gaitasuna dugu'

EAJk PSE-EErekin "harremanak" berreskuratu nahi dituela esan du EITBn Andoni Ortuzar EAJren EBB Euskadi Buru Batzarreko presidenteak.

Andoni Ortuzar Radio Euskadin.
Andoni Ortuzar Radio Euskadin.
Andoni Ortuzar Radio Euskadin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrialdeko gai nagusietan "elkarlana" lortzeko eta erakundeei egonkortasuna emateko PSE-EErekin harremanak berreskuratu nahi dituela esan du Andoni Ortuzar EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadin eta ETBn eginiko elkarrizketetan.

Horrek ez duela "koalizio gobernua egitea edo batera gobernatzea esan nahi" zehaztu du, baina "herrialdeko gai nagusietan elkarrizketarako ahalmena izan behar dugu".

EAJren hiru erronka nagusiak herrialdearen erronkak direla adierazi du: krisitik ateratzea, bakea eta elkarbizitza, eta autogobernuan aurrera egitea".

Auzi hauetan, PSE-EErekin, ezker abertzalearekin eta PPrekin adostea beharrezkoa dela esan du.

Aurrekontuen inguruan, "aurrera atera eta onartzeko, akordioetara iritsi behar dugu", onartu du, "baina Gobernuari aurrekontu onak egitea dagokion arren, oposizioari egoera kontuan hartuta, negoziatzea dagokio", gaineratu du.

Ildo honetan, "zorpetzeko ahalmen txikia dugu; 200 milioiko marjina soilik", azaldu du, baina "zorpetu ezean, oraindik baliabide gutxiago izango ditugu", esan du.

Aurrekontuetarako akordioez gain,"Araban eta Bizkaian egonkortasuna lortzeko PPrekin akordio bat lortzeko EAJk bere esku dagoen guztia" egingo duela esan du EAJren EBBko presidenteak.

Behin aurrekontuak onartuta, gakoa enplegua dela azaldu du Ortuzarrek, eta Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu zuen bezalaxe, "martxoa baino lehen, enplegua suspertzeko plan bat aurkeztu nahi dugu".

Espetxe politika

Urkulluk Espainiako Gobernuari espetxe politikaren eskumena eskatuko diola iragarri eta Ortuzarrak Gernikako estatutuan dagoela ekarri du gogora. "Gure eskumena da", azpimarratu du.

"Espetxe politika ezberdin bat egin behar da, eta legeak aldatu gabe ere, espetxe politika justuagoa eta onberagoa egin daiteke", ondorioztatu du.

Norgehiagoka

EAJren presidenteak azaldu duenez, Jaurlaritza Espainiako Gobernuari "estatuko neurriak EAEn ez jartzeko konbentzitzen" saiatuko da, baina "lortu ezean, norgehiagoka izango dugu".

EAEko eskumenei eta kudeaketari eragiten dizkien Espainiako Gobernuak harturiko neurrien aurka egiten dutela esan du, eta Urkulluri "botiketako koordainketa ez zaio batere gustatzen" azaldu du, baina "epaia onartzea baino ez zaio gelditzen", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea