Politika -
EBBko presidentea
Ortuzar: 'EAJren eta PSE-EEren arteko harremanak okertu egin dira'
Halaber, kartzelen eskumena Euskadiri ematea eskatu du, ‘ETAren jarduera armatua amaitu delako’.
Andoni Ortuzar EBBko presidente berriak jakinarazi duenez, "EAJren eta PSE-EEren arteko harremanak okertu egin dira, eta ia ez dago bi aldeen arteko zubirik".
Burukide jeltzalearen arabera EAJ prest dago gainerako alderdiekin akordioak bilatzeko, eta hori lortzeko bazkide bat izateko.
Horren iritzian, "ez da bidezkoa" Iñigo Urkulluren gobernuari berehala Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak aurkezteko eskatzea. Ortuzarren ustez, "markak hausten ari da Jaurlaritza, eta ahal duen neurrian aurrera egiten ari da". "Hala ere, ezin zaio Jaurlaritzari eskatu aurrekontuak onartzea, oraindik ere sailburuordeak izendatu gabe badaude; horiek dira gobernu guztien bizkarrezurra", gaineratu du.
Onda Vasca irratiko elkarrizketa batean, Ortuzarrek aitortu du azken urteetako egoera politikoak baldintzatu egin duela EAJren eta ezker abertzalearen eta jeltzaleen eta gainerako alderdi politikoen arteko harremana, eta sozialistek Jaurlaritza utzi zutenetik harreman hori okertu egin dela gaineratu du.
Hala ere, "iraganak ezin du etorkizuna baldintzatu". "Etorkizunean politika egiteko modu berri bat aurkitu behar dugu, guztien arteko elkarrizketa oinarri gisa hartuta, eta, horretarako, beharrezkoa da iraganeko kontuak ahaztea", gaineratu du.
Kartzelen eskumena Euskadiri ematea
Ortuzarren ustez, kartzelen eskumena Euskadiri eman behar dio Mariano Rajoyren gobernuak.
Buruzagi jeltzalearen arabera, pausoak eman behar dira, izan ere, "kartzela-politikan hartutako hainbat neurri salbuespenezkoak izan ziren. Orain, salbuespenezko egoera hori amaitu bada, neurri horiek ere bertan behera gelditu behar dute". "Oso erraza da, ez da legerik aldatu behar arazo honen muina konpontzeko. Borondate politikoa izatea da kontua", gaineratu du.