Politika -

Elkarbizitza eta adiskidetzea

Udalek eta eskolek elkarbizitza sustatzea eskatu du Baketikek

Bakerako ikerketa zentroaren arabera, ETAren amaierak eta krisi ekonomikoaren eraginak "gizartea erlaxatu" dute eta "bigarren mailan" geratu da elkarbizitza lortzeko helburua.

Jonan Fernandez Baketiken zuzendaria. Argazkia: Efe
Jonan Fernandez Baketiken zuzendaria.
Jonan Fernandez Baketiken zuzendaria. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baketik bakerako ikerketa zentroak udalen eta eskolen arteko "aliantza estrategikoa" eskatu du "elkarbizitza eta adiskidetzea" sustatzeko.

Adiskidetzea helburu 2011n abian jarritako proiektuaren baitan, eskoletan eta udaletan jarri nahi dute orain indarra.

Jonan Fernandez Baketiken zuzendariak "Indargunea 2013" proposamenaren berri eman du Donostian, Marina Goikoetxea eta Pello Sarasua kideekin batera.

Fernandezen esanetan, ETAren amaierak eta krisi ekonomikoaren eraginak "gizartea erlaxatu" dute eta "bigarren mailan" geratu da elkarbizitza lortzeko helburua, eta lehentasunezkoa izan beharko litzateke "desio ez ditugun fenomenoak itzul ez daitezen".

"Bakea egonkortu, oraina gizatiartu, iraganeko minak sendatu eta etorkizunean errepikatzea galaraziko lukeen elkarbizitza kulturaren sustapenaren aurrean, ahanzturaren arriskua dago", azpimarratu du Baketiken zuzendariak. Horren harira, bake prozesuak garatu zituzten El Salvadorren, Hegoafrikan eta Ipar Irlandan "krisi berantiarrak" bizi izan dituztela gogorarazi du.

"Elkarbizitzan inbertsio handia" egin beharra dagoela berretsi du, eta etorkizun baketsua "gizartean oinarritu" behar dela. Hori horrela, inork ez duela "arrazoi osoa", "egoera bakoitzean ardura etikoa" onartu behar dela eta "gizakien duintasunak balio gorena" duela izango dira sustatuko dituen esperientzien printzipioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea