Politika -
Herriraren manifestazioa
AVTk salaketa aurkeztuko du larunbateko martxaren harira
Manifestazioan presoen argazkiak erakutsi izana "terrorismoa goratzea" dela esan du elkarteak.
Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) salaketa bat aurkeztuko du larunbatean Bilbon presoen alde hamarka mila pertsonak egindako manifestazioaren aurka, presoen argazkiak erakusteagatik.
AVTren esanetan, Herrira plataformak deitutako martxan aipatu argazkiak erakutsi izana "terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea" da.
Manifestazioaren leloa "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira" zen,
Uribetxeberria auzia
Bestalde, AVTk Josu Uribetxeberria ETAko preso ohia berriz kartzelatzea ere eskatuko du, Auzitegi Nazionalak ezarritako baldintzapeko askatasunaren baldintzak urratzea egotzita.
Elkarteak Uribetxeberriak ustez egindako eta La Gaceta egunkariak publikatutako adierazpen batzuk hartu ditu oinarri kartzelatzea eskatzeko. Hain zuzen ere, "badakit mina eragin dudala, baina ez naiz damutzen" esan omen zuen preso ohiak.