Politika -
Presoak
Kartzela-politika aldatzeko eskatuko dio Urkulluk Rajoyri
Halaber, kartzelen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskaria egin nahi dio.
Iñigo Urkullu lehendakariak "beste kartzela-politika bat" eta presoak Euskal Herrira gerturatzea eskatuko dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Halaber, kartzelen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskaria egingo dio.
Urkulluk bere errespetua agertu die larunbatean Bilbon ETAko presoen eskubideen aldeko manifestazioan bildu zirenei, eta baita "joan ez ziren Euskadiko ia hiru milioi biztanleri ere".
Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, kartzela-politika aldatzeko eskariak ez du zertan manifestazio bati lotuta egon behar. "Espainiako Gobernuak espetxean dauden pertsonen eskubideak kontuan hartu, eta kartzela politika aldatu eta presoak Euskal Herrira gerturatu behar ditu", gaineratu du.
Estatus politiko berria
"Espainiak erantzun egokia eman behar die euskal eta espainiar izaerei" adierazi du Urkulluk. Halaber, nazionalista den aldetik burujabetza betea nahiko luke, baina lehendakari gisa alderdi guztiekin adostutako estatus politiko berria.
Estatus politiko berri baten aldeko hautua egiten du, eta gaineratu duenez, "ez da inoiz amaieran kokatu", independentziari erreferentzia eginez.
"Gainerako alderdi politikoekin autogobernua garatzeko beste estatutu bat garatu nahi dut", adierazi du. Bide horretan, "pixkanaka-pixkanaka pausoak eman beharko dira Europaren baitan euskal nazio bat osatzeko", gaineratu du. Horren ustez, akordio nahia ezinbestekoa izango da "euskaldunak EAEko hiritarrak baino gehiago baikara".
Urkulluk adierazi duenez, Espainiako Gobernuak Estatu egituraren gaineko arazo bat dagoela onartu behar du, eta trantsizioak ez zuela arazo hori konpondu.