Politika -

Presoen aldeko manifestazioa

Epaileak baimendu egin du Herriraren martxa, leloa 'neutroa' baita

Gainera, sustatzaileak ez daudela gaitasungabetuta eta ez dela istilurik espero argudiatu du Gomez Bermudez epaileak.

Herriraren martxaren aurkezpena. EITB
Herriraren martxaren aurkezpena. EITB
Herriraren martxaren aurkezpena. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak baztertu egin du Herrira plataformak biharko Bilbon ETAko eta ezker abertzaleko presoen alde deitutako martxa debekatzea, AVT elkarteak aurkeztutako eskaera errefusatuta.

Izan ere, epailearen esanetan, martxaren leloa "neutroa" da, eta, beraz, ez da legez kanpokoa.

Javier Gomez Bermudez Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiko epaileak auto batean azaldu duenez, gainera, martxaren sustatzaileak ez daude gaitasungabetuta, eta eskubide guztien jabe dira. Gainera, martxa "isilean" egingo dutela eta ez dela istilurik jazoko ziurtatu dutela gaineratu du.

"Jasotako datuekin, ezin da egiaztatu legez kontrako penalik dagoenik, orain arte ez baita egiaztatu legez kanpoko ekintzarik egingo dutenik", esan du epaileak.

Horren ildotik, legez kanpoko ekintzak "jazo eta gero" baino ezin direla "jazarri" gaineratu du.

Epailearen arabera, "Gobernuari" dagokio bilera eta manifestazio eskubideen baldintzak betetzen direla zaintzea. Horrenbestez, atzera bota du AVTk manifestazioa debekatzeko aurkeztutako eskaera.

Azkenik, manifestazioan delituak egingo balituzte, Segurtasun Indarrek esku hartu beharko luketela nabarmendu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea