Politika -
2013ko Aurrekontuak
UPyD, Jaurlaritzaren Aurrekontuak onartzea errazteko prest
Aurrekontuak onartzea errazteko baldintzen artean, murrizketa sozialik gabeko proiektua izan behar duela azaldu du Gorka Maneirok.
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Jaurlaritzarekin 2013ko Aurrekontuak adosteko "egiazko asmoa" azaldu du, Legebiltzarrean proiektua onartzea errazteko.
Eusko Legebiltzarrean azaldu du alderdiaren jarrera Maneirok. EAEn "murrizketa sozialik gabeko aurrekontu onena" onartu nahi dutela adierazi du.
Maneirok ez du ezer baztertu, ezta proiektuaren alde egitea ere, baina "oso zaila" izango dela onartu du.
UPyDko legebiltzarkideak azaldu duenez, Aurrekontuak onartzea errazteko baldintzen artean hauek daude: proiektuak ezin du murrizketa sozialik ekarri, ekonomia eta enplegua sustatu behar ditu eta, halaber, zerbitzuak eta gizarte politikak bermatu behar ditu.
Bestalde, helburu horiez gain, Aurrekontuen inguruko akordio prozesu batean "gai politikoez aritu behar da", adierazi du Maneirok.
Ildo honetan, Lurralde Historikoen Legea erreformatzeaz eta hizkuntza politikaz eta fiskalitateaz hitz egin behar dela aipatu du.