Politika -

2013rako Aurrekontuak

Aurrekontuez hitz egiteko gardentasuna eskatu dio Urizarrek EAJri

Bestalde, mobilizaziorako deia egin du Urizarrek, PPk espetxe politika aldatzeko.

Pello Urizar. EFE
Pello Urizar.
Pello Urizar. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar EAko idazkari orokor eta EH Bilduko legebiltzarkideak "gardentasuna" eskatu dio Urkulluren Gobernuari aurrekontuak negoziatu ahal izateko garatuko dituen politiken inguruan.

Onda Vasca irrati katean elkarrizketatua, "denen ardura dira, baina aurrekontuen eta fiskalitatearen politikak ideologia eta proiektu politikoa zehazten dute", adierazi du.

Horregatik, "aurrera aterako dituzten politiken inguruan argi eta garbi hitz egiteko" eskatu dio EAJri.

Bestalde, Lurralde Historikoen Legea onartzeko jarrerarekin pozik azaldu da; izan ere, "lehen ezin zen erakundeen egitura hori zalantzan jarri", esan du, horregatik, "hobetu daitekeela onartzeak aurrerapausoa dakar".

Ildo honetan, Udalen Legea aurrera ateratzeko beharra aipatu du, "erakundeen egituraz hitz egiten dugunean, Udalak beti gelditzen baitira zokoratuta".

Manifestaziorako deia

Presoen alde larunbaterako Bilbon deitu den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin du Urizarrek eta "isileko lanak ez dira mobilizazioarekin bateraezinak" ohartarazi du.

EAko idazkari orokorraren iritziz, "gizarte mobilizazioarekin PPri hitz egiteko beharra sorrarazi behar zaio espetxe politika aldatzeko".

"ETAren jarduera armatuaren amaierarekin ez da arazoa bukatu, oraindik gauza asko daude zintzilik, besteak beste, desarmatzea eta biktimak". Gainera, Madriletik "irabazleen eta galtzaileen" ideia ezarri nahi dutela kritikatu du eta "gaizki ixten diren arazoak, berriro ateratzen dira", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea