Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Mintegik aurrekontuekin 'arduragabekeriaz' jokatzea leporatu dio EAJri

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak azpimarratu duenez, alderdiek "oraindik ez dakite ze aurrekontu izango den eta, jakin gabe, aurrera aterako direla esatea, gehiegi esatea da".

Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea. Argazkia: EITB
Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea.
Mintegi euskal aurrekontuez, Radio Euskadin

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak "triunfalismoz eta arduragabekeriaz" jokatzea leporatu dio EAJri, aurrekontuen proiektua aurkeztu gabe aurrera aterako dituztela ziurtatzeagatik. "Momentu honetan, ez dakigu ze aurrekontu mota aurkeztuko dute eta, jakin gabe, aurrera aterako direla esatea, gehiegi esatea da".

Atzo, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak esan zuen ez zutela aurrekontuen onarpena zalantzan jartzen eta "baztertu" egiten zutela aurrera ez ateratzearen aukera. Gainera, alderdi politikoei "aurrekontuak erraztea" eskatu zien.

Mintegik Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Urkulluren Jaurlaritzaren jarrera "triunfalista" izan da aurrekontuak aurrera aterako dituztela esaten duelako. Mintegiren arabera, "arduragabekeria" da "mezu hori zabaltzea" oraindik proiektua alderdiei aurkeztu ez dietenean eta alderdiek iritzirik ere eman ezin dutenean.

"Sozialistek diote Jaurlaritza anbiguotasunez jokatzen ari dela, eta guk diogu arduragabekeriaz ari direla", kritikatu du Mintegik.

Buruzagi abertzalearen esanetan, Jaurlaritza zabaltzen ari den mezuak "ez du oinarririk", izan ere, "ez dute segurtasun hori, ezta akordio batera iristeko zantzurik ere", gainerako alderdiek "zer aurkeztu behar duten" galdezka ari direnean.

"Oso jokaldi itsusia egiten ari dira, eta akordiotara iristen ez badira gainerako alderdiei egotziko die errua. Urrutitik ikusten da jokaldi hori, eta oso itsusia da", gaineratu du.

Herriraren manifestazioa

Mintegiren ustez ezin da ulertu Urkulluren lehentasunen artean bakegintza egotea eta EAJk Herrirak euskal presoen eskubideen alde larunbaterako deitu duen manifestazioarekin bat ez egitea, izan ere, "bakea lortzeko, aldatu egin behar da kartzela politika".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea