Politika -
Arabako PSE
Pastorrek Prietori: 'Arabako PSEri ez dagokio aliantzak ezartzea'
PSEko Arabako idazkari nagusiak "alderdi ezkertiarren arteko itunen alde" egin ostean, "aliantzak ezartzeko lana PSEko Euskadiko Batzorde Nazionalari" dagokiola argitu du Jose Antonio Pastorrek.
Erredakzioa
Aste honetan Txarli Prieto PSEko Arabako idazkari nagusiak "alderdi ezkertiarren arteko itunen alde" egin ostean, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak azpimarratu duenez, "Arabako PSEri ez dagokio aliantzak ezartzea". Pastor horrela mintzatu da Arabako PSEren barnean dauden barne-arazoei aipamena eginda.
Prietok aurkeztutako txosten politikoa datorren otsailaren 17an eztabaidatuko dute Arabako lurralde-batzordean. Prietok "alderdi ezkertiarren arteko itunen alde" egin du. Honen aurrean, Javier Rojok ohartarazi duenez, "euskal sozialisten jomuga ezin da ezker abertzalearekin adostea izan, hauen koalizioek purgatorio luzea behar dutelako".
Gauzak horrela, "akordio progresisten alde" egin zuen Prietok ostiral honetan. Halaber, "ideien eztabaida eskatu eta, aldi berean, ideiengatik ezustekoa hartu dutenak" salatu ditu.
Barne-zatiketa
Jose Antonio Pastorrek aitortu duenez, "Araban egungo zuzendaritza eta hainbat kidek osatutako talde baten arteko zatiketa dago, ez baitago planteatutakoarekin ados; ondorioz, kongresurako alternatiba bat proposatu dute".
"Onargarria da Txarli Prietok itunen gainean duen iritzia, baina aliantzak ezartzeko lana PSEko Euskadiko Batzorde Nazionalari bakarrik dagokio", azaldu du sozialistak. "Prietorena iritzi pertsonala da, eta horrela ulertu behar dugu", gaineratu du.