Politika -
Independentziaren alde
Kataluniak 'erabakitzeko aukera izatea' eskatu dio Masek urte berriari
Gabonetako mezuan Generalitateko presidenteak azpimarratu duenez, "herrialde berri baten helburu nagusia herritarren erabateko ongizatea bermatzea izan behar da".
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidenteak igande honetan Gabonetako mezuan adierazi duenez, 2013an Kataluniak "askatasun osoz eta bakean bere etorkizuna erabakitzeko aukera" izatea eskatuko dio urte berriari.
Generalitateko Mare de Deu de Montserrat Aretotik egindako hitzaldian Masek azpimarratu duenez, "Kataluniako herritarren gehiengo batek herrialde berria eraiki nahi du, eta zentzu honetan, herrialde berriaren helburu nagusia herritarren erabateko ongizatea bermatzea izan behar da".
Historiako une erabakigarriak
Artur Masek azaldu duenez, Kataluniaren egungo unea "erabakigarria" da, eta "horrek herrialde hobe batera bizitzera eramango gaitu". "Hurrengo belaunaldiak harro sentitzeko herrialdea eraiki behar dugu".
Halaber, "proiektu nazionalik gabe proiektu sozialik" ez dagoela azpimarratu du presidenteak. "Ongizatea, justizia eta askatasun nazionalak defendatzea herrialde honen etorkizunerako belaunaldi anitzen borroka da, eta izaten jarraituko du", nabarmendu du.
Katalunian izandako azken hauteskundeek "herrialde bizia dugula utzi zuten agerian, herrialde anitza, eta etorkizunagatik ilusioz beteta dagoena".
Egoera ekonomiko 'larria'
Gabonetako mezuaren zati handienean krisi ekonomikoari buruz mintzatu da Mas. "Kataluniako egoera ekonomikoa oso larria eta estua da", ohartarazi du Masek, "urte berria ez da erraza izango, zalantza handiak daude oraindik ere, arazo anitz pilatu dira gure mahaiaren gainean".
Hala ere, "egungo garaietako larritasunak ez du gure itxaropena lurperatuko", iragarri du presidenteak.
Errealitatetik urrun
Dolors Camats ICV-EUIA alderdiko bozeramailearen esanetan, Masen mezua "katalan gehiengoaren errealitatetik eta Masek berak defendatzen duen politikatik urrun dago".