Politika -
Ondasunen aitorpena
Uxue Barkosek UPN salatu du ondasunak ezkutatu dituela esateagatik
Bestalde, UPNk Geroa Baiko diputatuari buruz esandakoa berretsi du. "Nahiz eta epaitegietara jo, Uxue Barkosek ez gaitu isilduko", iragarri dute alderdiko bozeramaileek.
Erredakzioa
Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak UPN alderdiaren aurkako salaketa aurkeztu du alderdi honek Barkosen ondasunei buruz botatako adierazpenengatik. Barkosek dioenez, adierazpen hauek delitua egin duela iradoki dute, eta ondorioz, baliteke ohorearen kontrako atentatua izatea.
Ostiral honetan UPNko kideek Barkosen "itxurakeria" salatu zuten. "Nafarroan soldatarik handiena duen politikaria da Barkos, bi erakunde publikoetatik soldata bana jasotzen dituelako", zioen ohar honek. Gauzak horrela, UPNko kideek adierazi zutenez, "Kongresuan Barkosek egindako ondasunen aitorpenagatik harrituta gaude, susmagarria da ondasun hauek dituen pertsona baten aitorpenean ibilgailu bat eta 7.000 euro besterik ez agertzea".
Honen aurrean, Geroa Baik gaur esan duenez, "benetako gertakarietan oinarrituta ez dauden adierazpen hauek kritika politiko askearen muga gainditu dute, eta delituak iradoki dutenez, Uxue Barkosek honen aurrean neurriak har ditzake".
"Diputatuak ez ditu jokaera politiko hauek onartuko", azaldu du Geroa Baik, "berriro epaitegietara jo behar izatea tamalgarria da Barkosentzat, baina halako jokaerak Nafarroako politikatik kentzeko epaitegietako tresnak erabili beharko ditu berriro diputatuak".
UPNk esandakoa berretsi du
Bestalde, Barkosi buruz esandakoa berretsi du UPNk. "Nahiz eta epaitegietara jo, Uxue Barkosek ez gaitu isilduko", iragarri dute alderdiko bozeramaileek. Barkosek "epaitegietara jotzeko eskubidea du, baina bere benetako ondasunak aitortzeko jarraituko diogu eskatzen", esan du UPNk.