Politika -
UPyDri zuzenketa
Legebiltzarrak espetxe politika moldatzeko eskaera egitea nahi du EAJk
PSE-EEk "justizia eta birgizarteratzea" defendatu du eta PPk "ETAk egindako hilketa guztiak argitzea" nabarmendu du.
Erredakzioa
Legebiltzarrak espetxe politika moldatzeko eskaera egitea nahi du EAJk "birgizarteratzea eta bake soziala" sustatzeko. Horretarako, "salbuespenezko neurriak" bertan behera uztea nahi du, baina "giza eskubide urraketa bakoitzaren atzean dauden ardurak argitzea baztertu gabe".
Bestalde, PSE-EEk espetxe politikak "helburu bikoitza" izatea eskatu du, hau da, "justizia eta birgizarteratzea".
UPyDk "ETAk eginiko eta argitzeke dauden hilketak berrikusteko" eskatu duen legez besteko proposamenari eginiko osoko zuzenketetan egin dituzte jeltzaleek eta sozialistek proposamen hauek.
ETAren indarkeriaren amaierak "gizarte errealitate berri bat" ekarri duela defendatu du Joseba Egibar EAJren legebiltzarkideak, eta horrek "legedia moldatzea" dakarrela adierazi du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak eginiko zuzenketan, "indarkeriaren biktimen memoria, duintasuna eta justizia" defendatu ditu eta Legebiltzarrak "argitzeke dauden ETAren atentatuak argitzeko lan egiteko" eskatu du.
Halaber, espetxe politikak "helburu bikoitza" izan behar duela esan du, "justizia eta birgizarteratzea".
PPk ere osoko zuzenketa aurkeztu du, nahiz eta Gorka Maneiroren ekimenaren ildo antzekoari eutsi dion. Carmelo Barriok "ETAk eginiko hilketa guztiak argitzeko beharra" defendatu du, "biktimek merezi duten justizia jaso dezaten".