Politika -
AVTren kereila
Uribetxebarriaren omenaldia delitu izatea ukatu du Auzitegi Nazionalak
Uribetxebarriaren eta omenaldian egon ziren lagun guztien aurka Terrorismoaren Biktimen Elkarteak jarritako kereila baztertu egin dute.
Erredakzioa
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak baztertu egin du Josu Uribetxebarria ospitaletik ateratakoan egin zioten omenaldia delitua izatea, ekitaldi pribatua izan zela argudiatuta.
Urriaren 23an Donostia Ospitaletik atera eta gero Arrasaten egin zioten harreran terrorismoa goratzea egotzita AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak kereila jarri zuen Uribetxebarria beraren eta omenaldian parte hartu zutenen aurka.
Epailearen arabera, "ekitaldian ez zen Gorenak horrelako delituetarako eskatzen duen difusiorik edo goratzerik egon, komunikabideei ere bertara sartzea eragotzi baitzitzaien, eta ekitaldi pribatua izan zen".
Halaber, Ertzaintzaren txostenean ez da berretsi AVTk esan zuena; izan ere, presoen aldeko banderak eta "jo ta ke, irabazi arte" bezalako oihuak egin zirela salatu zuen.
Epaileak adierazi duenez, Ertzaintzaren txostenean, soilik ikurrinak eta presoak hurbiltzeko eskatzen duten banderak zeudela frogatu da, eta horiek ez direla delitua berretsi du.
Horregatik guztiagatik, elkartearen kereila baztertzea erabaki du epaileak baita gertaera Espetxe Zaintzako Auzitegira eramatea ere.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak esan zuenez, Jose Luis Castro epaileak indarkeria goratzea helburu duten manifestazioetan parte hartzea debekatu zion Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna emateko autoan.