Politika -

Lehen gobernu-bilera

Jaurlaritzak udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratu nahi du

Alabaina, aparteko ordainsaria aurreratzeko Legebiltzarraren baimena behar du Jaurlaritzak. Horrenbestez, lege-proiektua Parlamentura "lehenbailehen" eramango dutela iragarri du Josu Erkorekak.

Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaile berriak lehen agerraldia egin du. Argazkia: EITB
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaile berriak lehen agerraldia egin du. Argazkia: EITB
Eusko Jaurlaritza berriak lehen erabakiak hartu ditu

2:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2013ko udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratu nahi duela iragarri du Josu Erkorekak. Alabaina, aitortu du horretarako Jaurlaritzak Legebiltzarraren baimena behar duela.

Gauzak horrela, Jaurlaritzak horretarako beharrezkoak diren urrats guztiak "lehenbailehen" jarriko ditu abian eta 2013ko udako ordainsaria aurreratzeko Legebiltzarrean premiazko lege-proiektu bat aurkeztuko du.

Horrez gain, aparteko ordainsaria ematearen aurka Espainiako Gobernuak jarritako salaketaren aurrean, auzibideari eutsiko diotela eta, beraz, beharrezkoak diren helegiteak aurkeztuko dituztela azpimarratu du Erkorekak, kazetarien galderak erantzunda.

Osasun koordainketa

Bestalde, osasun koordainketari dagokionez atzo Auzitegi Konstituzionalak emandako ebazpena aztertzen ari da Jaurlaritzaren talde juridikoa, eta xehetasun guztiak dituztenean iragarriko dituzte hartu ditzaketen neurriak.

Alabaina, Jaurlaritzak Konstituzionalean autogobernuaren eskumenak irmoki babestuko dituela nabarmendu du Erkorekak.

% 20ko murrizketak

Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen % 20ko murrizketa berretsi dute gobernu-bileran eta, Erkorekak azaldu duenez, "murrizketa hori 2013ko lehen seihilekoan gauzatuko dute eta administrazio publiko guztiari eragingo dio".

"Gobernu eredugarria izan nahi dugu. Horregatik, lehendabiziko murrizketak gure gobernuan egin ditugu: sail, sailburu eta sailburuorde gutxiago izango ditugu Jaurlaritza berrian", erantsi du.

Aurrekontuak

Amaitzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasuneko sailburuari 2013ko aurrekontuen oinarriak "berehala" prestatzeko agindu diola jakinarazi du Erkorekak.

"Urtarrila erabakigarria izango da departamentu ezberdinen informazioa biltzeko eta egoeraren behin-behineko azterketa egiteko", azaldu du.

Datu horiek eskura dituztenean, Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuetan zenbateko marjina izango duen argitu ahal izango duela esan du Erkorekak.

Gardentasuna

Urtarriletik aurrera, Legebiltzarreko batzorde guztiak osatuta daudenean, sailburu ezberdinek agerraldiak egingo dituzte Gasteizko ganberan, gainerako talde parlamentarioei argibideak emateko "eta horrela gardentasuna bermatzeko".

Jaurlaritzaren barne antolamenduari dagokionez, hurrengo gobernu-bilera noiz izango den zehaztu gabe dagoela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea