Politika -
Xantaia
Epaileak Cervera inputatu eta bere ordenagailuak eskatu dizkio
Bost egunen buruan abenduaren 1 eta 13 bitartean bidalitako emailen inguruko datu guztiak emateko eskatu dio epaileak "One&One" operadoreari.
Erredakzioa
Caja Navarrako presidentearen aurkako xantaiaren kasuaren harira, Iruñeko Epaitegiko Bigarren Epaimahaieko titularrak Santiago Cervera PPko parlamentari ohia inputatzea erabaki du. Gainera, ordenagailu eta mugikor guztiak entregatzeko eskatu dio.
Horrez gain, Jose Antonio Asiain Caja Navarrako presidentea akusazio partikular gisa aurkeztuko dela jakinarazi dute, joan den abenduaren 5ean 25.000 euro eskatzen zizkion posta elektroniko bat jaso ondoren. Diru kopuru hori ematea ukatzen bazuen bere pertsonaren aurkako informazio oso garrantzitsua publikatuko zela jakinarazi zioten. Asiainen arabera, “salaketa hori faltsua da”.
Joan den igandean
Guardia Zibilak joan den igandean atxilotu zuen Cervera, gordeleku batean zegoen dirua bilatzera joan zenean. Dena den, parlamentari ohiak iruzur baten biktima izan zela azaldu zien agenteei, gutun azalean Caja Navarrako presidentearen inguruko dokumentazio sekretua zegoela uste baitzuen.
Epaileak kasua ezagutzen duten agenteen testigantzak ere eskatu ditu, atxiloketaren egunean bertan Cerveraren edota beste pertsona batzuen mugimendu arraroak ikusi zituzten azaltzeko. Horrez gain, atxiloketaren unean diputatu ohiaren jarrera nolakoa izan zen argitu nahi du epaileak.
Kontuaren inguruko datuak
Abenduaren 21erako bereak diren ordenagailu eta mugikor guztiak epaileari emateko agindua jaso du Cerverak, horietatik bidali ahal izan diren posta elektronikoak aztertzeko helburuarekin.
Bost egunen buruan abenduaren 1 eta 13 bitartean bidalitako emailen inguruko datu guztiak emateko eskatu dio epaileak “One&One” operadoreari.