Politika -

Bake prozesua

Currin eta Spektorowski Donostian izango dira, Lokarriren eskutik

Gatazken ebazpenean adituak gaur arratsaldean helduko dira Euskadira, eta bihar Lokarrik antolatutako “Elkarrizketa eta bizikidetza” mintegian parte hartuko dute.

Brian Currin. Argazkia: EITB
Brian Currin. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur arratsaldean helduko dira Donostiara Brian Currin eta Alberto Spektorowski Nazioarteko Harreman Taldeko kideak; izan ere, biek ala biek Lokarrik antolatutako “Elkarrizketa eta bizikidetza” mintegian parte hartuko dute bihar. Ekitaldi guztiak Kursaal jauregiko lehen aretoan egingo dira, eta antolatzaileek aretoa leporaino betetzea espero dute.

Mintegi hori antolatuta, bake prozesuaren gaineko espazio bat ireki nahi du Lokarrik, hausnarketa, elkarri entzutea eta parte-hartzea ardatz. Zehazki esanda, elkarrizketa eta bizikidetza bultzatu nahi ditu, indarkeria amaitu eta Sortu alderdia legeztatu ondoren.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak emango dio hasiera Nazioarteko Mintegiari, 16:00etan. Aurrez, goizean, ateak itxita elkartuko dira, besteak beste, gizarte erakundeetako, alderdi politikoetako, sindikatuetako eta unibertsitate eta kultura alorreko hainbat ordezkari.

Hizlariak

Arratsaldean, bake prozesua eta bizikidetza hizpide hartuta, hainbat hitzaldi izango dira. Hitzaldietan, besteak beste, hauek hartuko dute parte: Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Alberto Spektorowski Tel Aviveko (Israel) Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslea eta Brendan Mackin, Belfasten unionistak eta errepublikanoak elkarrengana gerturatzea bultzatzeko lan egiten duen Intercomm elkarteko kidea.

Horiez gain, Carmen Magallo Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligako Espainiako presidentea, Carlos Martin Beristain medikua eta Joan Fernandez Baketikeko zuzendaria ere arituko dira hizlari gisa. 

Larunbatean Baionan

Bake Bidea mugimenduak, Lokarrik eta Baionako Unibertsitateak ekimen bat antolatu dute larunbaterako Baionan, Aieteko Konferentziaren ondotik. Brian Currin abokatu eta nazioarteko gatazketako bitartekari aditua bertan izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea