Politika -
Elkarrizketa
Kontuz elkartea: 'Cervera auzian itzal asko dago'
"Ez da Cervera auzia, CAN auzia baizik, eta gauza asko aterako dira", ohartarazi du Kontuz elkarteak Radio Euskadin.
Erredakzioa
Patxi Zamora Kontuz elkarteko bozeramaileak azken hilabeteetan hainbatetan salatu du Nafarroako Aurrezki Kutxan irregulartasunak egon direla, eta azken auzian nahastuta egotea ukatu du.
"Ez da Cervera auzia, harago doa eta UPNk eta PSNk isilarazi nahi duten entitatearen sarearen parte da", adierazi du Zamorak Radio Euskadiko elkarrizketa batean.
Horren harira, "itzal asko dago; arduradun asko daude", gaineratu du. Kontuz elkarteak iruzurrari aurre egin nahi diola esan du eta gauza gehiago aterako direla ohartarazi du. "Ez da Cervera auzia, CAN auzia baizik, eta gauza gehiago aterako dira", azpimarratu du, "erantzule eta arduradun dezente daude".
Asiainen salaketak sinesgarritasun gutxi du euren hitzetan. "Historia honek usain txarra du", adierazi du Zamorak.
"UPNk eta PSNk CANen pasatu dena argitzeko ikerketa guztiak geldiarazteko akordio bat dutela salatu nahi dugu", gaineratu du. "Orain urte batzuk, CANen inguruan Asiainek berak Nafarroako Parlamentuan hitz egiten zuen; orain, ordea, inork ez ditu galderak erantzuten", adierazi du.