Barcenas auzia -
Soto del Real
Luis Barcenasek urtebete egin du gaur kartzelan
Pablo Ruzek bost aldiz ukatu dizkio aske geratzeko egindako eskaerak. Auzitegi Nazionaleko epailea diruzain ohiak zazpi herrialdetan egindako inbertsioak ikertzen ari da.
Erredakzioa
Luis Barcenas PPko diruzain ohiak urtebete egin du Soto del Real kartzelan, Madrilen, Suitzako bi bankutan pilatutako 48,2 milioi euroen zati bat nora eraman zuen argitu barik.
Pablo Ruz epaileak 2013ko ekainaren 27an espetxeratu zuen Barcenas, eta bi auzitan auzipetu du: Gürtel auzian eta PPren B kontabilitatea ikertzen duen aparteko auzian. Epaileak kapitalak zuritzea, iruzur fiskala egitea, dokumentuak faltsutzea eta iruzur prozesala egiten saiatzea leporatzen dio.
Rosalia Iglesias emazteari delitu berberak leporatzen dizkiote, funtzionario-eroskeria kenduta.
Barcenas eta emaztearen kontu korronteak, Madrileko etxebizitza eta Baqueirako txaleta enbargatuta daude 2013ko uztailetik, balizko epaiketa baten erantzukizun zibilari aurre egiteko. Erantzukizun hori 43,2 milioi eurokoa izango litzateke Luis Barcenasen kasuan, eta 6 milioi eurokoa emaztearen kasuan. Rosalia Iglesiasek "Coca-Cola erosteko dirurik" ere ez duela adierazi zuen maiatzaren 28an Luis Fraga PPko senatari eta bikotearen lagunak.
Diruaren arrastoa
Bitartean, Barcenasek 2009ko apirila eta ekaina artean Uruguaira egindako hiru transakzioen arrastoari jarraitzen ari zaio. Dirua azpijokoaren arduradunak atxilotu ostean mugitu zuten.
Lehen bi transakzioak, milioi bat eurokoak, Grupo Sur de Valores izeneko sozietate batera mugitu zituzten. Hirugarrena, milioi bat eurokoa hori ere, Lidmel International enpresara mugitu zuten.
Aske geratzeko bost eskaera
Kartzelan eman duen urtebetean, Javier Gomez de Liaño Barcenasen abokatuak bost aldiz eskatu du diruzain ohia aske geratzea; azkena, ekainaren hasieran, Ruzi Gürtel auziaren barnean emandako dokumentazioa ahozko epaiketa batean erabiltzeko eskubidea Suitzako Auzitegi Penalak aztertu behar duela argudiatuta.
Magistratuak eskaera atzera bota zuen asteazkenean, epaiketa egiteko Suitzako dokumentuen beharrik ez duela adierazita.
Ruz epaileak eta Gai Penaletarako Gelak Barcenas aldi baterako kartzela egoeran dute, ihes egiteko arriskua, delituak berriro egitekoa eta frogak deuseztatzearena egotzita. Gainera, bere ondarea agerian uzteko justiziari laguntzarik ez ematea leporatzen dio.