Barcenas auzia -
Auzitegi Nazionala
Ruzek Barcenas berriro deitu du PPren diru beltza bereganatzeagatik
Horrela, PPko altxorzain ohiak berriz deklaratu beharko du. Akusazioen eta Fiskaltzaren eskakizunak onartu ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak Gurtel auziaren instrukzioa amaitzeko zorian dagoelako.
Erredakzioa
Luis Barcenas PPko altxorzain ohia berriro deklaratzera deitu du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Apirilaren 10ean deklaratu beharko du; izan ere, bera eta Rosalia Iglesias bere emaztea aberasteko PPren diru beltza bereganatu zuela uste du epaileak. Iglesiasek ere apirilaren 10ean deklaratu beharko du.
Gurtel auziaren instrukzioa amaitzeko zorian dagoenez eskakizuna egin zuten akusazioek eta Fiskaltzak, eta eskaera onartu du epaileak auto batean. Barcenas Gurtel auziagatik dago espetxean 2013ko ekainaren 27az geroztik.
Alderdiko altxorzain eta kudeatzaile gisa "PPren B kontabilitateko" funtsak kontrolatzen zituen Barcenasek, eta dirua "desbideratzeko" aukera zuen. Epailearen arabera, desbideratze horren zantzuak daude. "Ustez Espainian eta Suitzan zituzten kontuetan egindako mugimenduen bidez bera eta emaztea aberastu ziren", erantsi du Ruzek.
Horrela, Gurtel auziko fiskalen irizpidea jarraitu du epaileak. PPren 'B kutxako' dirua bereganatu zuela esateko zantzuak daudela argudiatu zuten fiskalek. Diru beltza "esleipen publikoak lortzen zituzten pertsonen oparietatik jasotzen zuten".