Barcenas auzia -
Abuztuaren 14ko deklarazioa
Cospedal: 'Rajoyk eman zidan Barcenasekin izandako bileraren berri'
"Ni ez nintzen bilera horretan egon eta ez nuen harekin harreman gehiagorik izan", esan du Cospedalek, Barcenasek alderditik alde egin zuenean baldintzak berak jarri ote zituen galdetu diotenean.
Erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularraren (PP) idazkari nagusiak Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileari esan zionez, Rajoyk berak eman zion Espainiako presidentearen eta Luis Barcenas diruzain ohiaren arteko bileraren berri. Bilera horretan biek adostu zuen Barcenasen irteera.
"Nik geroago izan nuen horren berri. Ez dakit zortzi hilabete geroago izan zela ziur esan dezakedan, baina bai geroago izan zela", abuztuaren 14ean PPren B kontabilitatearen gaineko ikerketaren inguruan egindako deklarazioaren transkripzioan agertzen denez.
Cospedalen arabera, bilera 2010eko martxoan egin zen, Rajoyren bulegoan, eta Javier Arenasek eta Rosalia Iglesias Barcenasen emazteak ere parte hartu zuten; bertan alderditik "irteteko baldintzak" adostu zituzten "diruzain kargua utz zezan".
"Ni ez nintzen bilera horretan egon eta ez nuen harekin harreman gehiagorik izan", esan du Cospedalek, Barcenasek alderditik alde egin zuenean baldintzak berak jarri ote zituen galdetu diotenean.
Halere, deklarazioaren beste puntu batean, Cospedalek onartzen du "berehala jakin" zuela alderdiak Barcenasen, Miguel Bajoren eta Alfonso Tralleroren abokatuak ordainduko zituela. "Beno, berehala ez, ez dakit hilabetera, bi hilabetera edo 15 egunera, tira, zehazki ezin dizut esan", gaineratu zuen.
Ordainketei oniritzia ematen ote zien galdetu ziotenean, Cospedalek esan zuen berak ez zuela "ezer sinatu behar". "Heldu zirenean, egin nuena zera izan zen, ordainagiri bat heldu zenean, faktura bat egiteko eskatu nuen, abokatuaren faktura bat, jakiteko zerbitzu profesional bat egiteagatik ordaintzen ari ginela, diruzainari helarazi nion eta ordaindu zen".