Barcenas auzia -

Suitzako kontuak

'Diruaren jatorria argitu arte, kartzelan egon behar du Barcenasek'

Vicente Martine-Pujalte ordezkari popularrak "benetako paperak" erakusteko eskatu dio "Barcenas jaunari".

Vicente Martinez-Pujalte PPko kidea. Argazkia: ppmurcia.org
Vicente Martinez-Pujalte PPko kidea. Argazkia: ppmurcia.org
Vicente Martinez-Pujalte PPko kidea. Argazkia: ppmurcia.org

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Dirua nondik atera duen esan eta itzuli arte, kartzelan jarraitu behar du Luis Barcenasek", Vicente Martinez-Pujalte Kongresuko Talde Popularreko Ekonomia bozeramailearen arabera.

Ostiral honetan, prentsaurrekoa eskaini du La Palman, eta "benetako paperak" erakusteko eta atzerrian zuen diruaren jatorria azaltzeko eskatu dio "Barcenas jaunari".

"Ustez, lotsagabe bat da Barcenas eta neurrigabeko diru-sarrera horien jatorria azaldu beharko du", adierazi du. Horren ustez, hori argitzea "ezinbestekoa" da eta baita 40 milioi euro horiek batzeko laguntzarik izan zuen jakitea ere.

PPren baitan barne gerra bat egotea ukatu du, eta alderdikide guztiek Alderdi Popularreko idazkari nagusi izan guztien kudeaketa onartzen dutela adierazi du. Hain zuzen ere, aste honetan Pablo Ruz epailearen aurrean deklaratu dute Francisco Alvarez Cascos eta Javier Arenas PPko idazkari nagusi ohiek eta Maria Dolores de Cospedal egungo alderdiko buruak.

"Egia argitzea eta diruaren jatorria ezagutzea nahi dugu", nabarmendu du Martinez-Pujaltek. Halaber, Justiziaren lana nabarmendu du eta Pablo Ruz kasuko epaileari babesa eskaini dio, haren lana egin dezan.

PSOEk bien bitartean, Rajoy berriz ere Diputatuen Kongresuan agertzea nahi du, eta horren harira Martinez-Pujaltek adierazi du, sozialistak oporretan daudela eta ez dutela dimisioak eskatu besterik egiten.

Alfredo Perez Rubalcaba "ahul" ikusten du popularrak, eta idazkari nagusi postua bermatzeko estrategia gisa ikusten du sozialisten eskaera.

"Rubalcaba egia eskatzen ari da behin eta berriz, eta Alderdi Popularrean gauzak ondo edo gaizki egin ditzakegu, baina beti egia esaten dugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea