Barcenas auzia -
PPren ezkutuko kontabilitatea
Arenas eta Cascosen ondoren, Cospedalek deklaratuko du gaur Auzitegian
PPren idazkari nagusi ohiek ukatu egin zuten ezkutuko kontabilitatea egon dela, baina kontrol falta aitortu dute. Bestalde, Cristobal Paez PPko gerente ohiak diru beltzean dirua jaso zuela onartu du.
Erredakzioa
Atzo Francisco Alvarez-Cascos eta Javier Arenas PPren idazkari nagusi ohiek alderdiak ezkutuko diru-kutxak izan zituela ukatu ostean, gaur Maria Dolores de Cospedal egungo idazkari nagusiak deklaratuko du ustezko B kontabilitatearen auziaren baitan, Ruz epailearen aurrean. Deklarazioa 10:00etan hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean.
Fiskaltzak Cospedalen galdeketari bakarrik eman zion oniritzia, baina Ruz epaileak Arenas eta Alvarez Cascos deitzea justifikatu zuen, alderdiaren agintean zeudenean ere ustezko B kontabilitatea eman zelako. Ruzen hitzetan, Arenas eta Cascosen deklarazioa "egokia, baliagarria eta beharrezkoa" da, gertatutakoa argitzeko garaian.
Izan ere, uztailaren 15ean, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak ordura arte esandakoei buelta eman eta PPk ezkutuko kontabilitatea zuela konfirmatu zuen. Horrekin batera, gainsoldatak kobratzea ohikoa zela eta alderdiko idazkari nagusiek zein idazkariordeek horren berri zutela ere adierazi zuen. Barcenasen hitzetan, PPko goi-kargudunek maiz kobratzen zituzten gainsoldatak.
Rajoyren eta Cospedalen ustezko gainsoldatak
Maria Dolores de Cospedalen kasuan, ustezko B kontabilitateaz galdetzeaz gain, Barcenasek aipatutako gainsoldaten inguruan ere galdetuko dio Ruzek. Diruzain ohiaren arabera, Rajoyk eta Cospedalek 45.000 euroko gainsoldata bana kobratu zuten 2009 eta 2010 urteen artean.
Gainsoldata horiek frogatzen dituzten ordainagiririk eduki ez arren, lehen ordainketa Gürtel auzia hasi eta gutxira egin zutela esan zuen Barcenasek, momentu horretan bertan hasi baitzen alderdia enpresariek egindako ordainketen dirua partiduko kideen artean banatzen.
Galdeketa berean Luis Barcenasek esan zuenez, 2009an 40.000 euro zeuden kutxa ezkutuan eta diru hori Rajoyren eta Cospedalen artean banatu zuten. Banaketa egin ostean soberan geratutako dirua ere Gobernuko presidenteari eman zioten.
2010ean, berriz, Cospedalek eta Rajoyk beste 25.000 euro hartu zituzten bakoitzak, Diruzain ohiaren bertsioaren arabera, dirua eskura eman zieten 500 euroko billetez betetako gutun-azal marroietan. Cospedalek Genovako bere bulegoan jaso omen zuen dirua.
Cospedalentzako arazoak
Cospedali arazo gehien sor diezaiokeen gaia Barcenasi ustez PPko Gaztela Mantxak ordaindutako 200.000 euroena da. Horren truke, Toledoko Udaleko kontratu bat eman omen zion PPk enpresari bati.
Epaitegietako iturrien arabera, baliteke epaileak Cospedali esatea erantzunak bere kontra egin dezakeela eta ez erantzuteko gomendioa ematea. Izan ere, PPko idazkari nagusiak abokatu barik egingo du deklarazioa, lekuko gisa doalako, eta egia esatera derrigortuta dago.
Arenasek eta Cascosek ukatu egin zuten
Javier Arenas eta Francisco Alvarez Cascos PPko idazkari nagusi ohiek alderdian ezkutuko kontabilitatea egon izana ukatu zuten atzo, halere, diru-emarietan kontrolik ez zutela nabarmendu dute, hori diruzainaren kontua zela uste zutelako.
Epailearen aurrean egindako deklarazioan, biek Barcenasen paperetan azaltzen den diru kopurua jaso izana ukatu zuten, eta PPtik jaso duten guztia Ogasunari deklaratu diotela nabarmendu zuten, iturri juridikoek azaldu dutenez.
Enpresari kontratisten emarien kontrolik egin ez zutela azaldu zuten, Alderdien Finantzaketa Legea eta Hauteskunde Erregimenaren Legea ez urratzeko, hori diruzainaren lana zela uste zutelako.
Halaber, Arenasek ukatu egin zuen, ez dutela hala hitz egiten argudiatuta, Luis Barcenas diruzain ohiak uztailaren 15ean deklaratutakoa egia denik. Hark 2010eko martxoan B kaxako "soberakina" likidatzean 4.900 euro eman zizkiola azaldu zuen, eta Arenasek honako hau erantzun ziola: "Mutiko, hartu itzazu, sobre batean sartu eta presidenteari uzten dizkiozu, hark jakingo du zer egin".
Paez PPko gerente ohiak diru beltza jaso zuela onartu du
Cristobal Paezek Luis Barcenasen lekua hartu zuen PPko gerentzian eta karguan egon zen 2009 eta 2010 artean. Gerente ohiak diru beltzean bi ordainketa jaso zituela onartu zuen atzo epailearen aurrean, 2007ko apirilean eta 2008 ekainean. Guztira, 12.000 euro kobratu zituela esan zuen, epaitegietako iturriek aditzera emandakoaren arabera.
Paezena eguneko bigarren galdeketa izan zen. Bere aurretik Antonio Ortiz PPko kutxazainak deklaratu zuen. Ortizek ukatu egin zuen PPn kontabilitate ezkuturik eta diru horrekin gainsoldatarik ordaindu izana.
Barcenasen New Yorkeko kontu bat, blokeatuta
Luis Barcenasek TMQ Capital sozietatean duen dirua blokeatzeko agindua eman du Ruz epaileak. Diru hori HSBC bankuan dituen kontu korronteei lotuta dago. Horrez gain, La Moraleja argentinar sozietatean duen dirua zein banketxeri lotuta dagoen ikertzeko agindua ere eman du epaoleak.