Barcenas auzia -

PPren ezkutuko kontabilitatea

Paez PPko gerente ohiak diru beltza jaso zuela onartu du

Javier Arenas ari da orain deklaratzen, Francisco Alvarez Cascosena bukatu ondoren. Bestalde, Luis Barcenasek New Yorken duen kontu korronte bat blokeatzeko agindua eman du Ruz epaileak.

Cristobal Paez, Alderdi Popularreko kudeatzailea izan zen 2009an eta 2010ean. EFE
Cristobal Paez, Alderdi Popularreko kudeatzailea izan zen 2009an eta 2010ean. EFE
Alvarez Cascosek eta Javier Arenasek lekuko gisa deklaratu dute

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaile eta PPren ezkutuko kontabilitatearen auzia daraman magistratuak 15:30ean hasi du Javier Arenasen galdeketa, Francisco Alvarez-Cascosi egindakoa bukatu ondoren. Arenas PPren idazkari nagusi ohi eta senataria da. Alvarez-Cascosen galdeketa bi orduz atzeratu da, Cristobal Paez gerente ohiarena uste baino gehiago luzatu delako.

Paezek Luis Barcenasen lekua hartu zuen Ppko gerentzian eta karguan egon zen 2009 eta 2010 artean. Gerente ohiak diru beltzean bi ordainketa jaso zituela onartu du, 2007ko apirilean eta 2008 ekainean. Guztira, 12.000 euro kobratu zituela esan du, epaitegietako iturriek aditzera emandakoaren arabera.

Paezena eguneko bigarren galdeketa izan da. Bere aurretik Antonio Ortiz PPko kutxazainak deklaratu du. Ortizek ukatu egin du PPn kontabilitate ezkuturik eta ditu horrekin gainsoldatarik ordaindu izana.

Cascos Poliziak babestuta atera da Auzitegi Nagusitik. Auzitegi Nazionalaren eta Recoletos Psealekuaren arteko 50 metroak motel eta isilik egin ditu Cascosek, kazetariek egiten zizkioten galderen artean, baina hitzik esan gabe.

Inguruan Poliziako agenteak zihoazen, Auzitegiko inguruetan elkartu diren pertsona batzuek irainak egiten zizkioten bitartean. Ondoren, zain zuen autor iritsi eta sartu da.

Barcenasen New Yorkeko kontu bat, blokeatuta

Luis Barcenasek TMQ Capital sozietatean duen dirua blokeatzeko agindua eman du Ruz epaileak. Diru hori HSBC bankuan dituen kontu korronteei lotuta dago. Horrez gain, La Moraleja argentinar sozietatean duen dirua zein banketxeri lotuta dagoen ikertzeko agindua ere eman du epaoleak.

Cospedalen deklarazioa, bihar

Fiskaltzak Cospedalen galdeketari bakarrik eman zion oniritzia, baina Ruz epaileak Arenas eta Alvarez Cascos deitzea justifikatu zuen, alderdiaren agintean zeudenean ere ustezko B kontabilitatea eman zelako. Ruzen hitzetan, Arenas eta Cascosen deklarazioa "egokia, baliagarria eta beharrezkoa" da, gertatutakoa argitzeko garaian.

Izan ere, uztailaren 15ean, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak ordura arte esandakoei buelta eman eta PPk ezkutuko kontabilitatea zuela konfirmatu zuen. Horrekin batera, gainsoldatak kobratzea ohikoa zela eta alderdiko idazkari nagusiek zein idazkariordeek horren berri zutela ere adierazi zuen. Barcenasen hitzetan, PPko goi-kargudunek maiz kobratzen zituzten gainsoldatak.

Epaileak ikerketa mugatu du

Zitazio-autoan, Ruzek Arenasen eta Alvarez-Cascosen galdeketak justifikatu egiten ditu, nahiz eta bien agintaldiak instrukzioak mugatutako ikerketaren epearen aurrekoak izan. Epaileak uste du biek "informazio esanguratsua" emateko moduan daudela.

Hala ere, magistratuak auziaren ikerketa mugatu egin du azken autoetan. Delitu fiskalei dagokienez, 2007tik aurrera ustez egindakoak ikertuko ditu, eta, administrazio publikoaren kontrakoak, berriz, (funtzionario-eroskeria, eta beste batzuk) 2002tik aurrera ikertuko ditu.

Rajoyren eta Cospedalen ustezko gainsoldatak

Maria Dolores de Cospedalen kasuan, ustezko B kontabilitateaz galdetzeaz gain, Barcenasek aipatutako gainsoldaten inguruan ere galdetuko dio Ruzek. Diruzain ohiaren arabera, Rajoyk eta Cospedalek 45.000 euroko gainsoldata bana kobratu zuten 2009 eta 2010 urteen artean.

Gainsoldata horiek frogatzen dituzten ordainagiririk eduki ez arren, lehen ordainketa Gürtel auzia hasi eta gutxira egin zutela esan zuen Barcenasek, momentu horretan bertan hasi baitzen alderdia enpresariek egindako ordainketen dirua partiduko kideen artean banatzen.

Galdeketa berean Luis Barcenasek esan zuenez, 2009an 40.000 euro zeuden kutxa ezkutuan eta diru hori Rajoyren eta Cospedalen artean banatu zuten. Banaketa egin ostean soberan geratutako dirua ere Gobernuko presidenteari eman zioten.

2010ean, berriz, Cospedalek eta Rajoyk beste 25.000 euro hartu zituzten bakoitzak, Diruzain ohiaren bertsioaren arabera, dirua eskura eman zieten 500 euroko billetez betetako gutun-azal marroietan. Cospedalek Genovako bere bulegoan jaso omen zuen dirua.

Cospedalentzako arazoak

Cospedali arazo gehien sor diezaiokeen gaia Barcenasi ustez PPko Gaztela Mantxak ordaindutako 200.000 euroena da. Horren truke, Toledoko Udaleko kontratu bat eman omen zion PPk enpresari bati.

Epaitegietako iturrien arabera, baliteke epaileak Cospedali esatea erantzunak bere kontra egin dezakeela eta ez erantzuteko gomendioa ematea. Izan ere, PPko idazkari nagusiak abokatu barik egingo du deklarazioa, lekuko gisa doalako, eta egia esatera derrigortuta dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea